Sahara denon arazoa da!

Ihintza Agirretxe (Khamar Saharar Herriaren Aldeko Elkartearen izenean) 2009ko abe. 16a, 14:12

Gaur 19:00etan kontzentrazioa egingo dugu plazan sahararrek bizi duten egoera salatzeko

Aste osoan Sahararen aldeko astearen harira ekitaldi ezberdinak izango dira; zapatuan janari bilketa izango da

Aste honetan, Sahararekin konpromisoa dugu denok. Azpeitian Sahararen aldeko astea egiten ari gara egunotan, eta besteak beste, gaur 19:00etan kontzentrazioa egingo dugu plazan.

Kontzentrazio honen bidez, saharar herria jasaten ari den egoera salatzeaz gain, Aminetu Haidar ekintzaile sahararrari gure elkartasuna adierazi nahi diogu. Emakume horrek hilabetetik gora daramaki gose greban Lanzaroten (Espainia), Marokok bere herrira Aaiunera (Mendebaldeko Sahara) bueltatzen ez diolako uzten hasi zuen gose greba.

Haidarrek egun guzti horietan azaldu duen indar eta duintasuna, sahararrek azken 34 urteotan izan duten jarreraren erakusle dira. Izan ere, 34 urte daramatzate sahararrek banatuta. Batzuk errepresio gogorraren pean Marokok okupatutako lurretan; besteak, berriz, desertuaren erdian, ezer gabe eta nazioarteko laguntzen arabera bizitzen. Algeriak Tinduf ondoan utzi dizkieten lurretan eraikitako errefuxiatu kanpamenduetan 200.000 lagun bizi dira.

Bizimodu gogorra, baina indarrez eta duintasunez betea daramate. Baina bada garaia, saharrarrei beraien herritartasuna onartu eta beraien herrira, libre bueltatzen uzteko. Giza eskubide bat baita norbera bere herrian libre bizitzea.

Egitaraua

Abenduaren 14tik 20ra. Arte eta Diseinuko haurrek Saharari buruz egindako marrazki erakusketa herriko dendetan. Irene desertuan ipuin kontaketa landuko dute haur eta gaztetxoekin, ludotekan.

Abenduak 15, asteartea. 19:00etan, Betharrametan. Darahli 09 Eraikitzen, Zumaiako Sahararen Aldeko Elkarteak ekoiztutako DVDaren emanaldia eta beraien esperientziaren inguruko solasaldia.

Abenduak 16, asteazkena. 19:00etan, herriko plazan. Saharar herriaren egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea.

Abenduak 17, osteguna. 19:00etan, Sindikatu Zaharrean. Saharar batek, Saharako herriaren egungo egoeraz jardungo du.

Abenduak 18, ostirala. 19:00etan, Gaztetxean. Saharar erefuxiatu kanpamenduetako esperientziaren kontaketa eta afari sahararra, doan.

Abenduak 19, larunbata. Janari bilketa eguna: 10:00etatik 20:00etara, udaletxeko arkupetan eta Sanjuandegiko Eroskin. Te eta hena tailerrak ere egingo dituzte egunean zehar. 18:00etan, umeentzako antzerki emanaldia: Baietz lortu. 4 eta 12 urte artekoentzako da.

Abenduak 20, igandea. 19:00etan, Betharrametan. DVD emanaldia, El rumor de la arena. Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetako arazoari irtenbidea bilatzeko proposamenez betetako dokumentala.