Miren Garmendia: "Sorpresa izan da Aralarreko zuzendaritza berrirako aukeratua izatea"

Uztarria.eus | Politika
2009ko abe. 15a, 11:12

Larunbatean, Donostian izendatu zuten Gipuzkoako zuzendaritzako kide

Gaur, asteartea, egingo dute kide berriek lehen bilera

Gipuzkoako Aralarrek I.Konferentzia politikoa egin zuen pasa den larunbatean Donostiako Miramar Jauregian. Alderdiko militanteek Gipuzkoako Aralarren zuzendaritza berria aukeratu zuten.

Hamar kide aurkeztu ziren zuzendaritzako hautagaitzara, tartean, Miren Garmendia azpeitiarra. Hamar horietatik zazpik osatuko dute hemendik aurrera Aralarreko Gipuzkoako Zuzendaritza. Afiliatuek aukeratu izana "sorpresaz hartu" zuela adierazi dio Garmendiak Uztarriari; nahiz eta bazuen "esperantza apur bat ere". Joseba Osoro, Maribel Castellano, Ernesto Merino, Patxi Koli Aierbe, Andoni Ibarguren eta Joxe Mari Ostolaza dira beste sei aukeratuak. Koordinatzaile karguan Oxel Erostarbek jarraituko du, militanteen botuen %80aren babesa jaso ondoren.

Zuzendaritzako kide berriek gaur egingo dute lehenengo bilera. Lanean hasteko "gogoz" dagoela adierazi du Garmendiak, beretzat "gauza berria" izango delako. Eta gainera, "pertsonalki aberasgarria" izango dela uste du.

Aurrera begira, hainbat erronka dituzten arren, "ezkerreko politika egiteko pausoak eman, eta bide politikoan erreferente izateko lanean jarraituko dugu", hori dela helburu nagusia dio.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu