Mendi Asteko emanaldiak hasiko dituzte gaur

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 15a, 10:12

Gaurtik eta ostiralera bitartean, mendiarekin lotutako lau ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da

Lagun Onak elkartearen egoitzan izango dira hitzaldiak arratsaldez

Lagun Onak Mendi Bazkunak gaur hasi eta ostirala bitarterako Mendi Astea antolatu du. Aste baitarako lau ikus-entzunezko antolatu ditu mendizaleen elkartean bertan. Pirinioetako neguko zeharkaldi baten ikus-entzunezkoarekin hasiko dira eta, bukatzeko, Azpeitiko XIX. Helduen Ibilaldi Neurtuari buruzko ikus-entzunezkoa emango dute.

Mendi Astea eta gero, urtea bukatu aurretik, mendizaleek egingo duten azkeneko irteera Aizkorrira izango da. Urteroko ohiturari jarraituz, Urte Zahar Egunean joango dira. Mendizaleek azaldu dutenez, aurtengo honetan 30 mendi ibilaldi egin dituzte: "Hamabi gaztetxoentzako edota ibilbide errazekoak, hiru mendian federatutakoentzako bakarrik zirenak eta, hamalu, helduei zuzendutakoak. Horiez gainera, mendi bizikletaz ere irteera bat antolatu dugu". Irteera horien guztien berri www.lagunonakmb.org webgunean jaso dute. Irteeraz eta gaur hasiko duten Mendi Asteaz gainera, udaberrian Aritz Odriozola, Zabaletxe zenaren omenez beste Mendi Aste bat egin zuten. Eta, aurten aurreneko aldiz, Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala antolatu dute. Datorren urtean ere antolatuko dute, uztailaren 4rako. Bi urtean behin Azpeitian egiten den Izarraizko Mendi Lasterketa, berriz, maiatzaren 9rako antolatuko dute Lagun Onak-ekoek.

Mendi asteko egitaraua

Emanaldiak Lagun Onak Mendi Bazkuna elkartean izango dira.

Abenduak 15, gaur. 20:30ean. Pirinioetako neguko zeharkaldia. Ritxar Manovel.

Abenduak 16, bihar. 20:30ean. Zenbait eskalada, Kirgizistango granitozko hormetan. I. Mendizabal.

Abenduak 17, osteguna. 20:30ean. Hego Amerika tandem batean. Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe.

Abenduak 18, ostirala. 21:00etan. Azpeitiko Helduen XIX. Ibilaldi Neurtua 2009. Josu Sansebastian eta Pedro Mari Aizpuru, Txepetxa.

Abenduak 19, larunbata. 18:00etan. Lagun Onak Mendi Bazkunako bazkideen urteko batzarra. Ondoren, afaria egingo dute elkarteko tabernan. Afarian parte hartzeko ostegunerako eman behar da izena.