"Hemen zeozer pasatzen dek"

Estitxu Elduaien ('Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien eta 'Berria'-koen izenean) 2009ko abe. 15a, 10:12

Gaur hasiko da 'Egunkaria'-ren kontrako epaiketa, eta egunotan Euskarazko prentsa eta Azpeitia Uztarriaren liburutik Egunkaria: erantzuna Azpeitian ataleko kapituluak erreskatatuko ditugu (bihartik aurrera, www.uztarria.com/egunkaria-epaiketa txokoan irakurgai)

Lau hilabeteko kronika kapitulua

Lau hilabeteko kronika kapitulua

Enekoitz Esnaola

"Hemen zeozer pasatzen dek”. Horixe aipatzen zen otsailaren 19an Azpeitian. Izan ere, herrian ez zen oso ohikoa ezezagun batzuen presentzia handia. Gasolindegi txikian, Orkatz inguruan, plazan... zebiltzan ezezagun haiek. Eta Zaharretan ere bai. Hurrengo egunean aurkitu zuen jendeak esplikazioa: Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak hitzaldia zeukan otsailaren 19 hartan Zaharretan, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, eta hura zaintzera etorriak ziren gurera ezezagun haiek. Gero atxilotzeko, Tolosan. Esan daiteke, beraz, nolabait Azpeitian ere hasi zela operazio polizial eta juridiko hura. Lau hilabetera atera da euskarazko egunkari nazional berri estandarra —Berria—. Lau hilabete bizi izan dira. Lau hilabete historiko. Eta egoera bereziak eta pasadizoak, hortaz, batzuk bai. Baina, batez ere, hasierakoak geratu dira iltzatuta hori bizi izan dutenen artean.

Otsailaren 20ko goizeko seirak. Gau hartan Egunkaria-ko azpeitiar batek propio piztuta utzi zuen telefono mugikorrera deia Tolosaldetik. Martxeloren etxera sartu zela Guardia Zibila. Eta Egunkaria itxita zegoela. Ordubetera, Andoainen, AEKren egoitzan, dozena bat lagun zeuden bilduta; azpeitiarrak tartean. Zer egin? Nola hasi antolatzen? Nola hasi komunikatzen? Egoera beltza zen —hamar lagun atxilotuta eta Egunkaria itxita—, baina jendea ez zegoen nerbioak jota AEKren egoitzan, ez zegoen etsita. Lasai eseri, makinako kafesne triste bat hartu —zer ederki sartu zen, ordea...—, eta aurrera. “Goazen Tolosara. Bihar ere egunkaria atera behar dugu, eta han badago zeozer ateratzeko baliabiderik: Tolosaldean Egunero egunkariarenak —Egunero-ren enpresako bazkidea zen Egunkaria—”. Eta kanpaina hasteko leloa? Batek segituan: “Ba, kantukoa: Egunkaria aurrera”. Primerakoa zen leloa. Izan ere, bada garaia Euskal Herrian ‘gora’-tik ‘aurrera’-ra pasatzeko; ‘aurrera’ ez baita estatikoa, eta hemen, mugitu beharra dago. Lehengoan, Berria-ren 1. zenbakian Iñaki Uria, Egunkaria-ko kontseilari ordezkariak kartzelatik idatzi bezala, “aurrera eta batera”.