Umeen parte-hartzea bultzatu nahi du IX. San Silbestre lasterketa herrikoiak

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 14a, 10:12
San Silbestre lasterketako antolatzaileak, aurkezpen ekitaldian.

Xeye Atletismo Taldeak eta Azpeitiko Udalak antolatzen duten probarako izena emateko epea zabaldu dute

Lasterketa hilaren 31an izango da, goizeko 10:30ean hasita

Izaera herrikoia mantendu eta areagotu asmoz dator IX. San Silbestre lasterketa. Xeye Atletismo taldeak Azpeitiko Udalaren babesarekin antolatzen duen probak azken urteetako parte-hartze kopuruak berdindu nahi ditu, haurren eta helduen lasterketetan mila kirolari inguru bilduta.

"Lasterketa jendearentzat izatea nahi dugu, beraiek ematen baitiote zentzua eta kolorea probari", adierazi du Xeye taldeko kide Joseba Agirrek. Aurreneko sailkatuentzat diru sariak apur bat murriztu badira ere, parte-hartzaileen artean egiten diren oparien zozketak urtero bezala mantenduko dira aurten ere.

Kirola sustatzeaz gain, euskalgintzari ere bultzada eman nahi diote antolatzaileek, horretarako, eta aurreko urteetan egin bezalaxe, San Silbestren bildutako dirua UROLA KOSTAKO HITZA egunkariari emango diote. "Pozgarria da lasterkari uholde hori HITZAren alde ari dela jakitea", esan zuen aurkezpenean UROLA KOSTAKO HITZAko zuzendari Xabi Aizpuruak.

Ludoteka eta beste zerbitzuak

Azpeitiko Udaleko Kirol eta Berdintasun Sailek bultzatuta, ludoteka zerbitzua eskainiko dute San Silbestre lasterketan parte hartuko duten kirolarien seme-alabentzat. "Ekimen honen helburua lasterketan gurasoen parte-hartzea erraztea da, emakumeen eta gizonen kirol praktikarako berdintasun aukerak sustatuz", adierazi du Julian Kortajarenak, Kirol zinegotziak.

Lau eta zazpi urte bitarteko haurrentzat zabalik izango da zerbitzua 11:15etik 13:15era, plaza ondoan dagoen Iturritxiki Ludotekan. Izena eman edo informazioa eskuratu nahi duenak, 943 150095 eta 943 157928 telefonoetara deitu dezake aldez aurretik, edota egunean bertan ludotekan.

Bestalde, iaz abian jarritako kontsigna, aldagela eta dutxa zerbitzuak berriro eskuragarri izango dira aurten. Izarraitz Pilotalekuko aldagelak eta dutxak erabiltzeko moduan izango dira, Baigera Jubilatuen Elkarteko boluntarioen lanari esker.

SAN SILBESTRE 2009

Eguna.Abenduaren 31.

Irteera eta helmuga.Plazan.

Ibilbidea.8,3 kilometro.

Izen-ematea.Azpeitiko Aitzaki Kirolak eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan (abenduaren 29a arte); UROLAKOSTAKOHITZAren Azpeitiko eta Zarauzko egoitzetan(abenduaren 23a baino lehen); www.herrikrossa.com webgunean(hilaren 29ko gauerdia bitartean). Aurretik, 10 euro; egunean bertan (45 minutu lehenago arte), 15 euro; eta internet bidez, 8 euro.

Antolatzaileak.Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletsismo Taldea. Babeslea: Azpeitiko Udala.

Lasterketak

10:30.Benjamin neska-mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:40.Alebin neska-mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.

10:50.Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.

12:00.Lasterketa nagusia. Kadeteek 4.150 metro, zirkuitu handiari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 8.300 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.