"Patxi Lopezek ba ote daki nor den Joxe Agirre?"

Uztarria.eus 2009ko abe. 12a, 16:12

Iñaki Aurrekoetxea 'Berria'-ko bertso analistak egin du galdera

Azpeitiarrak jarriko dio txapela biharko bertso finaleko irabazleari

"Txapela kentzeko moduko lana egin dezatela zortzi artistek. Horixe egin du urteetan txapela jarriko duenak. Erabaki zuzena, egokia eta jatorra. Zenbat bertsozale fin asaldatu ote da? Eta Patxi Lopezek, ba ote daki nor den Joxe Agirre?".

Hala zioen atzo (ostirala) Iñaki Aurrekoetxea bertso analistak Berrian, Txapelketa Nagusiko biharko finalean irabazleari txapela Joxe Agirrek jarriko diola-eta.

Imanol Lazkano eta "buruzuriak"

Egunkari bereko inkestan Imanol Lazkano elkarrizketatu zuten, eta txapelketan gazteak gogor aritu direla zioen.

Zein balorazio egiten duzu Txapelketa Nagusian orain artean ikusitakoaz?

"Bertsozale Elkartean bertan pentsatu baino hobeto ere joan da txapelketa, bai jendeari bai bertsoaren mailari dagokionez. Belodromoko saioak finalaren usaina ere izan zuen. Buruzuriak nabarmen geratu gara txapelketa honetan; gazteek gogor egin dute saio guztietan, bertsolaritza aberasten ari den seinale. Baserri mundutik hirira ere egin du, unibertsitatearen eremura. Txapelketan ikusi da hori guztia. Biharko bertsolaritzarentzat garrantzi izugarria du txapelketan gertatu denak".

Finalera begira, zein da zure pronostikoa?

"Lehengo buruan oso ondo ikusten dut txapela, baina beste edozeinen buruan ere ondo ikusiko nuke, horretarako maila badago eta. Pozik nago finalera heldu den zortzikoarekin. Pena da Igor Elortza bidean geratu izana, baina Aitor Sarriegik ondo merezita lortu du lekua. Ziur naiz bertsoarekin egun polita pasatuko dugula, eta hori da garrantzitsuena".

Bestetik, Xabier Euzkitze bihar Argia.com-entzat eta Info7 irratiarentzat finaleko komentarioak egiten ariko da.