Plan Orokor berriaren eztabaidan Esklabetako gunearen izendapena aldatzeko "arrisku serioa" dagoela dio ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 11a, 19:12
Ezker abertzaleko ordezkariak, Betharramdarretako frontoian emandako prentsaurrekoan (NEREA URANGA)

EAJkoak eta EAkoak sustatzaileekin Esklabetako guneaz negoziatzen ari direla kritikatu dute

Ezker abertzalea bere horretan uztearen aldekoa da, ekipamenduetarako gorde behar dela uste du

Joan den uztailean Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen auziari irtenbidea emateko Azpeitiko Plan Orokor berria egitea erabaki zuten Udalean. Orduan, ezker abertzaleak oposizioko beste bi alderdirekin batera hori onartu zuen. Orain, Udalean, Plan Orokorraren edukiez eztabaidan ari dira, eta ezker abertzalea gertatzen ari denaz kritiko azaldu da: "Orain ere Plan Orokorraren eztabaidan Loiolako eremua gai izar bihurtu zaigu". Horren baitan, Izarraizpeko (Esklabetako) eremuaren kalifikazio aldaketa mahai gainean dagoela diote. "EAJ eta EA alderdietako zenbait kide, eremu horretako sustatzaileekin negoziatzen ari dira ekipamenduetarako dagoen eremu hori etxebizitzak egiteko eremu bezala aldatzeko bidean", salatu dute, atzo egindako agerraldian.

Ezker abertzalekoen ustez, Izarraizpe (Esklabak) eremuak izendapena aldatzeko "arrisku serioa" du. "EAJk eta EAk kalifikazio aldaketari bide emanez gero gehiengoa izango lukete Udalean, gehiengoa Plan Orokor berria onartzeko garaian", salatu dute.

Esklabetakoa, bere horretan

Ezker abertzalea Izarraizpe eremua (Esklabetakoa) bere horretan uztearen aldekoa da, hau da ekipamenduetarako gorde behar dela uste du: "Eremu horri kalifikazioa aldatzea zeharo desegokia da Azpeitiaren etorkizunerako". Hori arrazoitzeko hainbat zergaiti ditu ezker abertzaleak: "Loiolabideren balioa eremu berde eta libre bezala aipatzekoa da; etorkizunerako eremu libreak behar ditugu; etxebizitza politika egoki bat ez da herri inguru guztia etxez betetzea; herriak eta Udalak burujabe izan behar dute, eta sustatzaileen presioei eta txantaiari aurre egiteko era ez da haiei nahi dutena ematea; eta, bestetik, Corrugados Gallardok labeak herritik ateratzen dituenean hainbat hektarea libre geldituko dira. Hor, alde zaharretik eta herriaren erdigunetik gertu, etxe berriak egitea logikoagoa da".

Herriko Plan Orokorreko edukien eztabaidan, sustatzaileek "lehengo ereduarekin" jarraitu nahi dutela diote.

Herritarren beharren arabera

Egoera horrela, bi aukera daude ezker abertzalekoen arabera: "Gatazka urbanistikoa sortu duten guztiekin adostasunera iritsi eta haiek nahi duten ematea, edota lege oinarri sendo batekin Udalak bere burujabetasuna mantenduta herriko etorkizuna marraztea". Ezker abertzaleak bigarren aukeraren alde egin du. "Herriko ordenazioa ezin da interes ekonomikoen arabera edota sustatzaileen presioen edo laguntasunaren arabera erabaki", diote. Ezker abertzaleak, "herritarren beharren araberako eredu berri bat" jarri nahi du martxan, eta horrek izan behar du "eztabaidaren muina".

Gaur eguneko "hirigintzako gatazka", ezker abertzalearen arabera, "EAJk azken urteetan hirigintzan egin duen politikaren ondorioa da". Salatu dutenez, 1990eko hamarkadaz geroztik "etengabeak" izan dira Loiolabideko eremuan baitako saiakerak eta tirabirak. "Hainbat gatazka urbanistiko puri-purian eta herritarrok hori guztia jasan beharra da utzi diguten herentzia", adierazi dute.

Egoera horren aurrean, ezker abertzaleak hartu duen konpromisoa "ardura politikoz" jokatzea da: "Bai alkatetzan egon ginenean eta baita oposizioan gaudenean ere hori izan da gure zeregin nagusietako bat". Hirigintzako egitasmoen baitan sortu diren lege gatazketan, herriak "oinarri legal sendo bat" behar duela "garbi" izan dutela diote.