Beharrean daudenei laguntzeko ekimena antolatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 11a, 10:12
Azpeitiko EAJko kideak Batzokian eman zuten prentsaurrekoan.

Azpeitiko EAJko kideek dirua biltzeko mahaiak jarriko dituzte bihar eta etzi herriko hainbat txokotan

Bildutako dirua Caritas erakundeari emango diote, gero horrek Azpeitian beharrean daudenei banatzeko

Gizarte mailako ekimen berria jarriko du abian asteburu honetan Azpeitiko EAJk. Krisi ekonomikoa dela-eta herritar asko bizitzen ari den egoera samurtzearren, dirua bilduko dute. Gero, bildutako diru hori Caritas erakundeari emango diote, elkarte horrek Azpeitian beharrean dauden familen artean banatzeko.

Dirua biltzeko mahaiak jarriko dituzte larunbatean eta igandean, herriko hainbat txokotan. Bestetik, bi kontu korronteren zenbakiak ere eman dituzte, nahi dutenek diru ekarpena egin dezaten.

Ekimena, -=+ zure aurrekontua zertxobait murrizten baduzu... azpeitiar gehiagok izango dituzte gabon egun alaiak leloa hartuta antolatu du Azpeitiko EAJk.

Krisiaren eragina hizpide

"Azpeitia eta azpeitiarrekin gaude, ez bakarrik arlo politikoan, baizik eta gizarte mailan, kulturan, kirol esparruan... eta, batik bat, arlo gizatiarrean, gizakia ukitzen duen arloan", esan dute ekimenaren aurkezpenean. "Gabonetarako izan dezakegun aurrekontuaren zati txiki bat ematea gaur egungo krisiaren eraginpean dauden azpeitiarrei emateko", gaineratu dute. Aurrera begira ere gizarte arloko beste ekimen batzuk martxan jartzeko asmoa badute.

Azken hilabeteotan antolatu dituzten ekimenak, "kredo politikoaren gainetik elkarbizitza atsegina nahi duten pertsona guztiei eta pentsamolde guztietakoei bideratuak daude".

Beraz, herritarrak laguntza ematera gonbidatu dituzte Azpeitiko EAJko kideek.

Diru bilketa

Mahaiak

Abenduak 12, bihar.

  • Herriko plazan, udaletxeko arkupetan, 12:30etik 13:30a arte.
  • Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan, 13:00etatik 14:00etara.

Abenduak 13, igandea.

  • Jose Artetxe kalean, Juantxo Txiki eta Pastorkua tabernen artean, 13:00etatik 14:00ak arte.
  • Sanjuandegin, Jose Antonio Agirre plazan, 13:00etatik 14:00ak arte.
  • Urrestillan, Zimiterioan, 12:30etik 13:30a arte.
  • Loiolan, santutegiaren aurrean, 12:00etatik 14:00ak arte.

Kontu korronte zenbakiak

Kutxa: 2101 0029 20 0012527941.

Euskadiko Kutxa: 3035 0020 54 0200068477.