Iraurgi A eta Durangoko Tabira izan dira II. Gabon Sariko txapeldunak

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 10a, 10:12

Alebin mailako hamabi taldek hartu dute parte Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatutako saskibaloi txapelketan

Mutiletan Iraurgi A izan zen garailea eta nesketan Durango Tabira

Igandean hasi eta asteartera bitartean saskibaloiko II. Gabon Saria txapelketa jokatu zuten Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako kiroldegietan, Iraurgi Saskibaloi Elkarteak antolatuta. Alebin mailako hamabi taldek hartu dute parte. Mutiletan Iraurgi A-k irabazi du saria eta, nesketan, Durangoko Tabirak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "maila handiko partidak" jokatu dituzte txapelketak iraun duen hiru egunetan. Gainera, Iraurgiko neska-mutilek saskibaloian erakutsi duten maila nabarmendu dute.

Finalak herenegun jokatu zituzten Azpeitiko kiroldegian, eta partidak ikustera jende asko joan zen. Antolatzaileen arabera, "jendetza" bildu zen harmailetan.

Mutiletan, Iraurgiko bi taldeek jokatu zuten finala. "Joko ona eta bizia" erakutsi zuten biek. Azkenean, Iraurgi A-k lortu zuen sailkapeneko aurreneko postua.

Nesketan ere maila oso ona izan da txapelketan. Finala, Durangoko Tabira eta Iraurgi B-koen artean jokatu zuten, baina bizkaitarrak garbi irabazi zuten txapelketa.

Saskibaloiko partidez gainera, beste txapelketa batzuk jokatu zituzten saskibaloiko jokalariek II. Gabon Sariaren baitan. Jaurtiketa libreko txapelketan, esaterako, Antton Sanjuan azpeitiarra izan zen.

Saskibaloi elkartekoak "oso gustura" gelditu dira II. Gabon Saria txapelketako emaitzarekin: "Saskibaloiko partida onak ikusteko aukera izan da. Gainera, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako kiroldegietan giro bikaina izan da".

II. Gabon sariko sailkapena

Mutiletan:

  1. Iraurgi A
  2. Iraurgi B
  3. Pielagos (Kantabria, Espainia)
  4. Donostiako Easo
  5. Solares (Kantabria, Espainia)
  6. Navalcarnero (Madril, Espainia)

Nesketan:

  1. Durangoko Tabira
  2. Iraurgi B
  3. Iraurgi A
  4. Barna (Herrialde Katalanak)
  5. Solares (Kantabria, Espainia)
  6. Navalcarnero (Madril, Espainia)