Gaur hasiko da Maider Egigurenen aurkako epaiketa Madrilen

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 9a, 10:12
AAM-ko kideak eta epaiketaren zain dauden herritarrak Sindikatu Zaharrean eman zuten prentsaurrekoan.

Bi urte eta erdi kartzelan egon eta bermea ordainduta libre utzi zuten

Orain zazpi urteko kartzela eskatzen dio fiskalak

Gaur goizean hasiko da Maider Egiguren azpeitiarraren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Harekin batera beste hamabi lagun epaituko dituzte. Orain dela sei urte atxilotu zuten, eta bi urte eta erdi epaitu gabe espetxean egon ondoren, bermepean aske utzi zuten. Kartzelatik irten eta hiru urte eta gero epaiketari aurre egin beharko dio Egigurenek. Espainiako Auzitegiko fiskalak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Egigurenentzako, ETAri laguntza ematea leporatuta.

Egigurenen eta harekin batera epaituko dituzten beste hamabi lagunen kontrako epaiketa, bere ustetan, zertan datzan azaldu du azpeitiarrak: "Gure kontrako akusazioak, inkomunikazio egoeran egindako deklarazioetan oinarritzen dira. Gauza justurik ezin dugu espero, dena Auzitegi Nazionalekoen esku baitago. Ez dago jakiterik zein aukera izan ditzakegun, epaia entzun arte dena da posible".

Gaur, herri batzarra plazan

Bere aurkako epaiketa hasten dela-eta, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herri batzarra deitu du gaur arratsalderako. 19:30ean jarri dute hitzordua, udaletxeko arkupetan. Larunbaterako, berriz, manifestazioa deitu dute Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek; 19:30ean, plazatik irtenda. Deialdia joan den hilaren bukaeran egindako agerraldian egin zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko zain dauden herritarren egoera salatzeko.

Bermepean aske

Maider Egiguren azpeitiarra 2003ko azaroaren 19an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Arrasaten. Kalez jantzitako zortzi polizia inguratu eta "oso modu bortitzean" atxilotu zuten, orduan Egigurenek anaiari kontatu zionez. Hainbat egunetan inkomunikatuta izan zuten eta, gero, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aurretik pasatu eta kartzelaratu egin zuten. Egiguren atxilotu zuten polizia operazioan hamalau pertsona atxilotu zituzten.

Atxilotu eta gero, Madrilgo Soto del Realgo kartzelan sartu zuten, baina handik astebetera Alcala-Mecoko emakumeen kartzelara eraman zuten eta, handik, berriz, Texeirokora. Epaiketarik egin gabe bi urte eta erdian eduki zuten espetxeratuta, eta 2006ko ekainean libre utzi zuten, 30.000 euroko bermea ordainduta.

Orain bi urteko azaroan jakin zen, Espainiako Auzitegiko fiskalak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuela Maider Egigurenentzako, "ETAri laguntza ematea leporatuta". Orain, berriz, epaituko duten eguna heldu zaio Egigureni.

Egigurenekin batera beste hamabi lagunek deklaratuko dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Baina, epaiketak datorren astean jarraitu egingo du, "astelehenetik ostegunera bitartean", Egigurenek dioenez.

Auzipetuaren esanetan, "inoiz bukatuko ez den kapitulu eterno bat bezalakoa da". Harek esan duenez, kartzelatik bermepean aske irten zuenean, "beti presente zuen epaiketa". Baina, "eguneroko bizitza epaiketa uneoro presente izan gabe bizitzea lortzen duzunean epaiketa dator. Berriz hastea bezala da".

Egigurenen esanetan, "Espainiako Auzitegi Nazionala eskubideen eta justiziaren aldetik txiste bat da. Alde horretatik, bermerik ez dagoen makinaria bat da". Bere lagun bat lau urtez kartzelan izan zutela eta gero, epaitu ondoren kargurik gabe aske utzi zutela aipatu du adibide gisara: "Euskal Herrian hainbat mailatan funtzionatzen duten mugimenduen kontra egiten dute, gure kontrako operazioan ia 50 lagun izan ginen atxilotutakoak. Guzti horrekin jende piloa ukitzen dute. Eta dena, berme guztia, inkomunikazioan eta torturan oinarritzen da. Hori dena, euskal herritar piloaren bizian eragiten ari da".

2006ko maiatzeko Uztarria herri aldizkarirako egin zitzaion Maider Egigureni elkarrizketa. Espetxean zegoen orduan.