'Egunkaria'-ko manifestaziorako argazkia aterako dute gaur Txema Auzmendiren hitzaldian bildutakoek

'Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohiak eta 'Berria.info' 2009ko abe. 9a, 09:12

'Egunkaria'-ko auzipetua Baigeran mintzatuko da, 20:00etatik aurrera

Epaiketaren aurkako manifestazioa hilaren 19an izango da, Bilbon

Txema Auzmendi Egunkaria-ko auzipetuak gaur (asteazkena) Azpeitian hitzaldia emango duela probestuz, solasaldiaren ondoren hilaren 19ko manifestaziorako dei eginez argazkia aterako dute bertan bildutako lagunek.

Baigera aretoan izango da Auzmendiren solasaldia, 20:00etatik aurrera, Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiek eta Berria-koek antolatuta. Deialdia irekia da.

Hilaren 19ko manifestazioa, berriz, Bilbon izango da, 17:00etan hasita, auzipetuek deituta. Epaiketaren aurkakoa izango da.

Hain justu, abenduaren 15ean hasiko da Egunkaria-ren itxierako kasuko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen 1990etik 2003ra arte Auzmendi, eta 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dituzte haren aurka.

Azpeitiko ekimenen berri jakiteko: www.uztarria.com/egunkaria-epaiketa