Jesusen Alabentzat, agur jendetsua

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 9a, 10:12
Hainbat lagun bildu zen Jesusen Alabei egindako agurrean.

Mojak 1922. urtean etorri ziren Azpeitira

Urte hauetan guztietan irakaskuntzan jardun dute lanean

Atzo Jesusen Alabek herrian ikasle eta lankide izandakoen agurra jaso zuten, herritik badoazelako. Aurrena, eguerdian, meza izan zuten Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian eta ondoren, bazkaltzeko elkartu ziren Loiola Hotelean.

Jesusen Alabek 87 urte egin dituzte Azpeitian. 1922. urtean etorri ziren, eta urte hauetan guztietan mojek irakaskuntzan jardun dute lanean.

Done Jakue kalean hasi

Jesusen Alabak Azpeitira etorri zirenean, Done Jakue kalean (Pilotalekuan) jarri ziren bizitzen, Frontoi Txikiaren ezkerretara zegoen etxean. Aurrenengo ikastetxea ere bertan sortu zuten mojek. Handik Erdi kalera pasatu ziren gero. Baina, han oso denbora gutxi egin zuten, berehala Enparan kaleko Iberotarren etxera joan ziren-eta. Baina, handik ere mugitu ziren mojak. Etxe Alai auzoan eraikin berria egin eta gaur egunera arte bertan egon dira Jesusen Alabetako mojak. 42 urtez egon dira Etxe Alaiko eraikinean, 1967tik.

Mota askotako eskolak eman dituzte Jesusen Alabek Azpeitian: haurrentzako eskolak, lanbide heziketakoak, gaueskolak eta emakumeentzako igandetako eskolak. Ikasleak ez dituzte herrikoak bakarrik izan, inguruetako herrietatik ere etortzen ziren batzuk.

2002tik Iraurgi Ikastetxea

2002-2003 ikasturtea hasterako, Betharramek, Jesusen Alabek eta Milagrosa ikastetxeak beren jarduerak utzi, eta ikastetxe bakar bat sortu zuten: Iraurgi Ikastetxea. Jesusen Alabetako mojek ikastetxe horren baitan jarraitu dute euren lana egiten.

Urteak aurrera egin ahala, ordea, kontuak aldatzen joan dira mojentzako. Herrian ikastetxeak gehitzen eta mojak gutxitzen joan dira. Irailerako hiru moja gelditzen ziren bizitzen Etxe Alaiko eraikinean. Ordurako bakoitzak nora joan behar zuen ere bazekien.