Torturaren aurka

Berria.info 2009ko abe. 5a, 15:12
Azpeitiko hainbat gazte independentista, Perez Arregi plazan.

Azpeitiko hainbat gazte independentistek protesta ekimena egin dute

PSOE salatu dute, "lan politikoa egiteagatik gazteak atxilotu, torturatu eta espetxeratzeko agintzen duelako"

Gazte mugimenduaren aurkako azkeneko polizia operazioan atxilotu batzuek torturak jasan izana salatu dutela-eta, Azpeitiko hainbat gazte independentistek torturaren aurkako protesta ekimena egin dute, PSE-EEko Beasaingo (Gipuzkoa) hautetsiaren etxe parean —azpeitiarra da zinegotzia—. Buruan poltsak jarri, lurrean belauniko eseri eta eskuak atzean lotuta argazkia atera dute, "atxilotutako gazteek jasandako torturak irudikatuz", esan dutenez.

"Lan politikoa egiteagatik gazteak atxilotu, torturatu eta espetxeratzeko agintzen duen PSOE alderdi faxistari mezu argia bidali nahi diogu: indarkeria erabiliz euskal gazteria ez dutela makurtuko eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugula inoiz baino indar eta ilusio handiagoz. Gazteei lanerako aukerak eskaintzen jarraituko dugu: asanbladak burutzen, hitzaldiak, bideo emanaldiak, kontzertuak, erakusketak, ekitaldiak, manifestazioak... Jai parekide eta herrikoiak antolatzen jarraituko dugu, gazteon bizi-baldintza duinen eta etxebizitza eskubidearen alde lan egingo dugu, gaztetxeak defendatuko ditugu eta gazteok ditugun edozein arazoren aurrean gure ekarpena egingo dugu", adierazi dute.

Haien arabera, "gizarte justu baten alde lan egitea eta independentzia eta sozialismoaren alde borrokatzea ez da delitua".