Joxe Agirrek jantziko dio txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiko garaileari

Uztarria.eus 2009ko abe. 4a, 09:12

Bertsozale Elkarteak urte mordoan egindako lana eskertu nahi dio Agirreri

Abenduaren 13an jokatuko dute finala Barakaldoko BEC aretoan eta sarrera guztiak amaituta daude

Joxe Agirre Azpeitiko bertsolari beteranoak jantziko dio txapela Euska Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko garaileari. Agirrek 80 urte bete ditu aurten, eta ekimen honekin urte mordoan egindako lana eskertu nahi dio Bertsozale Elkarteak. 1960ko hamarkadan hasi zen bertsolari, eta oraindik ere hor jarraitzen du.

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “Egin duenagatik eta egiten ari denagatik hautatu dugu Agirre”. Azpeitiarrak dagoeneko agindu die, okerrik ezean, BECera joango dela garaileari txapela ematera. “Etxera joan ginenean galdetu genion ea jarriko zion txapela txapeldunari. Erantzun zigun: ‘Igaragarrizko pisurik ez badu behintzat bai!’. Eta han izango da, beraz”.

Abenduaren 13an jokatuko dute finala Barakaldoko BEC aretoan eta sarrera guztiak amaituta daude. Finalean honako bertsolariak arituko dira nor baino nor: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina.