Julian Eizmendi: "ETA soberan dago, ETAk desagertu egin behar du"

Uztarria.eus 2009ko abe. 3a, 18:12

Azpeitiko alkateak adierazpen instituzionala argitara eman du, Inazio Uria hil zuteneko lehenengo urteurrenean

"Gehien sufritzen dutenekin egon behar dugu, gure babesa eta elkartasuna sentitu dezaten", dio Eizmendik

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak adierazpen instituzionala igorri du gaur arratsaldean hedabideetara, ETAk Inazio Uria hil zueneko lehenengo urteurrena dela-eta.

Adierazpen horretan, "ETA soberan dago, ETAk desagertu egin behar du", esaten du Eizmendik. "Gehien sufritzen dutenekin" egon beharra ere azpimarratu du alkateak, "gure babesa eta elkartasuna sentitu dezaten".

Hau da, hitzez hitz, Julian Eizmendik plazaratu duen adierazpen instituzionalaren edukia:

"Gaur urtebete Inaxio Uria azpeitiarra, gizon ona, herrikoia eta langilea, erahil zuen ETAk.

Amesten dugun Herrian ez du lekurik inposaketak, askatasunak baizik. Ez du lekurik beldurrak, itxaropenak baizik.

ETAren indarkeriazko ekintzek, edo mehatxuek, oinarri-oinarrizko giza-eskubideak urratu, Euskal gizartearen egiazko borondatea mespretxatu, eta sufrimendua zabaldu besterik ez dute egiten.

Bizitzaren esperientzian familiako baten heriotza gainditzea izango da gogorrenetarikoa. Are gehiago, orain urtebetekoa bezala denean, bat-batean, beste pertsona batek, ez dakit zeren izenean. Zergatik? Zertarako?... Justifikaziorik ez duten ekintzak. Gehien sufritzen dutenekin egon behar dugu, gure babesa eta elkartasuna sentitu dezaten.

Gure Herriak, Euskal Herriak, badu heldutasuna zer nahi duen jakin eta bideratzeko.

Gure Herriak, Euskal Herriak, bere etorkizuna, gu guztion oinarrizko eskubideen errespetuan eraiki nahi du, salbuespenik gabe, bizitzarenetik hasita, eta herritarren gehiengoaren nahiaren errespetuan.

Noiz arte hainbeste sufrimendu? ETA soberan dago, ETAk desagertu egin behar du. ETAk ez du Herri honen baitan lekurik. Indarkeria eta politika bateraezinak dira, bide baketsu eta demokratikoak soilik erabili behar dira.

Printzipio hau denok asumitu beharra daukagu, horrela etorriko da bakea, eta horrela izan dadin jarraituko dugu lanean".