ETAri "beste inor ez hiltzeko exijitu" dio Uria familiak

Uztarria.eus 2009ko abe. 3a, 15:12

Inazio Uria gogoan, jendetza bildu da Loiolan egin duten elkarretaratze isilean

Erakunde armatuaren hilketak gaitzesten ez dituztenei zuzendu zaie Uria familia

Inazio Uria ETAk gaur urtebete Loiolan tiroz hil zuen enpresaburua gogoan izan dute hilketaren tokian bertan, haren senideek, lagunek, lankideek, herritarrek eta ordezkari instituzional eta politikoek. Ehunka lagun bildu dira 13:00etako elkarretaratze isilean. Ordu laurdenekoa izan da kontzentrazioa.

Uria zenaren seme Josuk eta alaba Jaionek Uria familiaren izenean hitz egin dute. Beraien bizitza “betiko suntsitu” zuten egunetik urtebete igaro dela adierazi dute, eta "egunero" ari direla "jasaten ETAren tortura".

Mezu bana helarazi diote “ETAren ekintza armatua oraindik ere kondenatzeko gai izan ez den Ezker Abertzalearen zati horri” eta euskal gizarte osoari. Erakunde armatuaren hilketak gaitzesten ez dituztenei horrela zuzendu zaie Uria familia: "Zuen eskubideak aldarrikatzen dituzue, baina zergatik ez dituzue ETAren hilketak gaitzesten? Bizitza eskubidea ez al da oinarrizko giza eskubidea?".

Loiolan izan dira, besteak beste, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea.

Uriaren omenezko monolitoa inauguratu dute, hura hil zuten tokian. Azpeitiko Udalak hartu zuen oroitarria jartzeko erabakia, aho batez: EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek egin zuten alde.

Gaurkoa izan da azken elkarretaratzea

Hilketaz geroztik, familiak deituta hilero egin dute elkarretaratzea Loiolan, hilabeteko hirugarren egunez. Sendiak jakitera eman duenez, gaurkoa izan da azkena.

ETAk hilketa aldarrikatzeko agirian adierazi zuen iraultza zerga ordaintzen ez zuelako eta Altuna y Uria enpresa AHTko lanetan ari delako hil zuela Inazio Uria.

Gaurko ekitaldiaren argazki bilduma