'Prest gaude!' lanak jasoko du Topaketetako saria

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 3a, 10:12
'Prest gaude!' antzezlaneko aktoreak: Alaitz Olaizola, Idoia Uranga eta Gurutze Eizmendi.

Lakrikun taldekoek azaroaren 21ean estreinatu zuten antzezlana Euskal Antzerki Topaketen baitan

Antzezlan honek, bataz beste 9,15 puntu lortu zituen ikusleen puntuaketetan

XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslegoaren Saria Lakrikun antzerki taldearen Prest gaude! antzezlanak irabazi du. Topaketetan izan diren antzerkilanen artean ikusleen puntuazio gehien jaso du, batez beste, 9,15 puntu.

XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako azken emanaldia igandean izan zen. Udaleko Kultura Sailetik azaldu dutenez, guztira hogei lan izan dira aurtengo Topaketetan. Eskola Antzerkian, berriz, beste zortzi lan ikusteko aukera izan da. Bi estreinaldi izan dira tartean: Lakrikun antzerki taldekoen Prest gaude!eta Pok Produkzioaken Arrainontzia.

Saria, Santo Tomas egunean

Santo Tomas egunean jasoko dute 600 euroko saria antzezlaneko aktore diren Alaitz Olaizolak, Gurutze Eizmendik eta Idoia Urangak. Olaizolaren esanetan, "sorpresarekin eta poz handiarekin" hartu dute berria.

Prest gaude! antzezlana joan den hilaren 21ean estreinatu zuten Topaketen baitan, Greban gaude! antzezlanaren segida bezala. Orain dela urte batzuk Lakrikun taldeak Topaketetako saria behin baino gehiagotan jaso izan du, eta Greban gaude! antzezlanak ere jaso zuen. "Prest gaude!-k estreinaldian jaso du Ikuslegoaren Saria, horrek gure kezkak eta beldurrak gainditzen lagunduko digu", dio Olaizolak. Halaber, antzezlana ikustera joandako denei eskerrak eman dizkie: "Sari hau emanda gure herriak gure lana onartu duenaren seinale da, eta denei eskerrak eman beharrean gaude. Bai gure emanaldian, bai Emakumeen Antzerki Tailerrekoen emanaldiaren jende asko izan zen, eta horrek erakusten du herritarrek gugan konfiantza badutela".

Hurrengo emanaldia Zestoan

Lakrikun antzerki taldekoek Prest gaude! antzezlanaren hurrengo emanaldia Zestoan dute. Abenduaren 11n egingo dute, 22:00etan hasita.

Jende asko Topaketetan

Udaleko Kultura Sailetik azaldu dutenez, aurten ere Euskal Antzerki Topaketetako emanaldietara jende asko joan da.

Haurrentzako igandetan antolatutako antzerki emanaldiek aurreko urteetako ekitaldietan bezala arrakasta izan dute Udaleko Kulturako arduradunen esanetan: "Batez beste, igandero, 320 bat lagun joan da antzerkira".

Aurten, Topaketen baitan Antzerkiko II. Azoka Eguna ere egin dute. Udalekoek horren inguruan egin duten balorazioa ere positiboa izan da.

Antzerki Topaketen baitan aurten Txalo Saria Imanol Elias herritarrari eman diote.