Aurrelarien lana gola sartzea bada, ederki asko betetzen dute egitekoa Orbegozo anaiek

Gara | Kirolak
2009ko abe. 1a, 09:12

Orbegozo anaiek gola dute begiz jota. Hori da futboleko beren eguneroko ogia, eta hori ederki dakite beren taldeek, eta baita aurkariek ere

Zaharrak Amorebietan jokatzen du; gazteak, Sansen. Adituen ustez, biek ere laster utziko omen dute Hirugarren Maila, gora egiteko

Mikel Orbegozo partida jokatzen.  Argazki originala

Orbegozo anaien izena bolo-bolo dabil azkenaldian. Biak Hirugarren Mailan ari dira jokatzen. Bata, Jon, zaharrena, 25 urtekoa, Amorebietan ari da. Bestea, Mikel, gaztea, 20 urtekoa, Sansen ari da. Biak sekulako gol pila sartu dituzte, 20tik gora, eta adituek garbi dute laster izango direla goragoko mailetan.

Jon da zaharrena, 25 urte ditu, eta bizitza guztian Lagun Onak-en jokatzen aritu ostean, aurten Amorebietara joan da. Han ere gauzak ongi egiten ari da, gol ugari sartzen. Horretarako eraman zuten, eta egin beharrekoa betetzen ari da. "Futbolean aurrera egiteko urte erabakior gisa hartu dut aurtengoa. Horretarako, joan naiz Bizkaia aldera. Ikusten dut Hirugarren Mailari Gipuzkoan baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen zaiola. Asko kostatu zait Lagun Onak uztea. Betiko nire talde kutuna da, eta izaten jarraitzen du, baina aurrera egiteko urrats hau ematea erabaki nuen, eta ea ongi ateratzen den", dio azpeitiarrak. Oraingoz, behintzat, bere lana, hots, golak sartzea, ongi betetzen ari da.

Bere anaia gazteak Realean darama bizitza osoa. Eskoletatik eraman zuen talde donostiarrak, eta ordutik han ari da, hau ere golak sartu eta sartu. Anaia gaztearen helburuak ere antzekoak direla esan du Jonek, anaia zaharrak: "Esan genezake biok antzeko helburuak ditugula, gure maila hobetzea baita gure xedea, eta horretan saiatzen ari gara. Mikel ere lana ongi egiten ari da, gol asko ari da sartzen, nahiz eta ezin izan dituen partida guztiak jokatu", esan du Amorebietan jokatzen duen aurrelari azpeitiarrak. Biak anaiak dira, jokatzeko eran ere bertsuak. Biak aurrelariak, langileak, atzelarientzat oso deserosoak, eta biek dute gola sartzeko erraztasun aparta. Aurpegira eta gorputzera begiratuta ere, biek dute antz handi samarra, hala ere, Jonek dioenez, ezberdintasunak ere badituzte: "Nik Mikelek baino abiadura handiagoa daukat, eta berak, berriz, gola sartzeko erraztasun handiagoa du".

Elkarren aurka

Aurten lehenengo aldiz elkarren aurka arituko dira bi anaiak. Jadanik partida bat jokatu dute, eta ez omen zen erraza izan. Biek lotura handia dute elkarren artean, harreman estua dute, eta gogorra egin zitzaien elkarren aurka lehen aldiz jokatzea: "Ez dugu inoiz maila berean jokatu. Bera beti Realean aritu da, eta ni baino bost urte gazteagoa denez, ez gara inoiz elkarren aurka aritu. Aurten izan da lehen aldia, eta zelaian arraro sentitu nintzen. Familiarentzat partida polita da ikusteko, baina guretzat jokatzeko ez. Biak gaude goian, eta gogorra izan zen neurketa. Egia esan, nahiago dut anaiaren aurka ez jokatu, baina aurten ez dago beste aukerarik", azaldu du Jonek. Nolanahi ere, oraindik beste neurketa bat geratzen zaie, nahiz eta aurretik lagunartekoren bat ere izango duten.

Familian ere ez dira lehenengo futbolariak. Aurretik beren osaba, Tomas, ere izan zen futbolaria. Realean, Sportingen, Xerezen, eta hainbat taldetan aritu zen. Gaur egun Realeko beteranoen partidetan ere jokatzen jarraitzen du. "Gure osaba orain ere oso futbolzalea da. Etxean beti bizi izan dugu futbola. Berak jokatzen zuenean denak bera ikustera, eta orain bera gu ikustera", esan du Jonek.

Etorkizunari begirakoaz galdetuta, itxaropentsu agertu da: "Golak sartzea izan behar da gure helburua. Nik aurrez aipatu bezala saltoa ematea da helburua". Agian, Realera joateko garaia pasa zaio, baina Eibar eta Real Union hor daude. Agian hor izan dezake aukera. "Aterik ez da itxi behar. Gaur egun futbola ez da erraza. Begira iaz Lagun Onak-ekin sekulako denboraldia egin genuen. Liga irabazi, ia Bigarren B Mailara igo ginen, eta, hala ere, inork ez dugu gora joateko aukerarik izan. Agian ez da normala, baina hori da errealitatea", aipatu du. Kanpora joateko aukera ere ez du baztertzen: "Orain lanean ari naiz, baina hemendik urtebetera ez dakit zer izango den. Lanik izan ezean, agian hori ere aztertu beharko litzateke". Bere anaiaren helburua Realean gora egitea omen da: "Berak ere golak sartzen jarraitu behar du. Hori horrela bada, agian lehen taldearekin entrenatzeko aukera izan dezake. Garbi dago lanean jarraitu beharra dagoela".

Taldeei begiratuta oso garbi du Jonek zer nahi duten: "Bai Sansek eta bai guk Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzea. Oraingoz bide onetik goaz. Gero, ahal baldin bada, Lagun Onak-ek ere igoera jokatzea". Ea bada Orbegozotarren ametsak betetzen diren.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu