Gaur, San Eloi Eguna, auzoko festak hasiko dituzte Landetan

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 1a, 10:12

Larunbat arratsalderako Mus Txapelketa Azkarra antolatu dute Mendizabal erretegian

Igandean, Adinekoen Eguna izango da eta egun osoko egitaraua antolatu dute

Gaur hasiko dituzte Landetan saneloiak. 14:30ean auzotarren bazkaria antolatu dute Bordatxo tabernan eta, bazkaldu ondoren, Sebaxtian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro bertsolarien saioa izango dute, Bordatxon bertan. Egun osoz, berriz, Felix eta Eider trikitilariak ariko dira auzoko giroa alaitzen.

Gaur, San Eloi Eguna ospatu eta berriro festari ostiralean helduko diote landetarrek. Ostiralean, Mendizabal erretegian bertso-afaria antolatu dute, Sebaxtian Lizaso eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin. Trikitilaririk ere ez da faltako afalondoa girotzeko; Izer eta Lutxurdio ariko dira. Bertso afarian izena emateko Landetako Mendizabal erretegira jo edota deitu behar da, 943 812001 telefono zenbakira, hain zuzen ere.

Landetako San Eloi festetako aurtengo berrikuntza mus txapelketa da. Garai batean egin ohi zuten txapelketa Landetako festetan, baina azken urteetan ez dute antolatu. Aurtengo honetan, larunbaterako prestatu dute Mus Txapelketa Azkarra 16:00etan izango da Mendizabal tabernan. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira, eta izena 15:00etan eman behar da.

Igandean, Adinekoen Eguna

Igandean Auzoko Adinekoen Eguna ospatuko dute. 11:00etan, auzoko hildakoen alde meza dute Sierbetan. 12:30ean, haur jolasak izango dira eta, ondoren, herri kirolak. 14:00etan, berriz, auzoko adinekoen bazkaria egingo dute Egizale Elkartean, soinu-jotzaileekin eta bertsolariekin.