Baraualdiei ekingo diete asteburuan, euskal presoen eskubideen alde

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 1a, 09:12
Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den astean eginiko agerraldia.

Herriko AMMk deituta, hainbat gazte koadrilak hartuko du parte aldarrikapenetan

Hilaren 5-6tik aurrera hasiko dira koadrila ezberdinak txandakatzen

"Euskal preso politikoen aurkako mendekua salatzeko, dagozkien eskubideak aldarrikatzeko eta preso eta euren senideei elkartasun beroena adierazteko", herriko hainbat gazte koadrilak Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin bat egin du, eta baraualdiak egiteari ekingo diote datorren asteburutik aurrera, asteburuero.

Euskal preso politikoek Espainiako eta Frantziako espetxeetan bizi duten egoeraz kezkatuta agertu dira gazte azpeitiarrak: "Herrian bertan baditugu adibide argiak eta gure kezkaren iturri direnak. Izan ere, etxetik ehunka kilometrotara daude Jabi Agirre, Joseba Segurola Xegu, Iker Iparragirre, Xabier Etxeberria Txapi, Gotzon Aranburu eta Juan Carlos Arruti Paterra".

Oro har, espetxeetan "muturreko egoerak" ezarri dituztela salatu du Azpeitiko AAMk. Gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean matentzeaz gain, minbizia edota eskizofrenia bezalako gaitza dituztenei "askatasuna ukatzen" diete. Gainera, "biziarteko espetxe zigorra" legeztatu dutela diote: "Kalera atera behar luketen hainbat presori beste hamar urteko espetxe zigorra ezartzen ari zaizkie".

Horren adibide da Juan Carlos Arruti Paterraren kasua. Azpeitiko AMMk jakitera eman duenez, Paterrari 2019ra arte luzatu diote espetxealdia, nahiz eta 20 urte daramatzan espetxean eta zigor osoa beteta duen. Antza denez, urrian aplikatu zioten zigorraren luzapena, baina "Paterrak eta bere senideek atzo (azaroaren 26an) izan zuten horren berri".

"Sakabanaketa politika"

Era berean, herriko euskal preso politikoen senideek "sakabanaketa politikaren ondorio latzak" bizi dituztela adierazi dute. Astero egin beharreko ehunka kilometroek ondorio bat baino gehiago uzten dizkiete herriko senideei, besteak beste, fisikoak eta ekonomikoak". Izan ere, 15 hilabetean behin senide bat hiltzen du sakabanaketak errepideetan.

Senideen aurkako "jazarpena areagotzeari" ekin diote, presoen senideak miatuz. Aipatutako miaketei uko egiteagatik, bisitarik gabe gelditu direnik ere izan da: "Aste honetan bertan Jabi Agirrerekin aurrez aurrekoa zuen senide batek, eta miatzeari uko egin eta espetxe funtzionarioarekin eztabaidan hasi ostean, bisitarik gabe utzi zituzten Agirre eta bere senideak", jakinarazi zuten.