Ur zikinik gabeko gizartea

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 26a, 10:11
Kandido Uranga eta Aitzpea Goenaga 'Arrainontziako' pasarte batean.

Azpeitiko Antzerki Topaketak azken txanpara iritsi dira, baina oraindik bada zer gozatua

Larunbatean, genero indarkeriaz hausnartzen duen Arrainontzia taularatuko dute estreinakoz

Genero indarkeriaren metafora da Arrainontzia antzezlana, Aitzpea Goenaga eta Kandido Uranga aktoreek Azpeitiko Antzerki Topaketen baitan larunbat arratsaldean taularatuko dutena. Kasualitatez ala kausalitatez, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira han-hemenka antolatu diren ekitaldiekin bat egiten du Pok Produkzioen ekoizpen honek. Larunbateko saioa, gainera, antzezlanaren estreinaldi orokorra izango da.

Emakumezkoa arrain

Antzezlana era tradizionalean kontatuko da, baina "emakumezko baten bakarrizketa da ia-ia, eta nire pertsonaia kontakturako jartzen dute, zenbait efektu eragiteko eta eztabaida sortzeko", adierazi du Urangak. Agertoki gainean kaxa bat ageriko da eta "kaxa hori apartamentu bat da, arrainontzia. Bere baitan arrain bat dago eta ezin du bertatik atera", dio aktore zumaiarrak: "Arrainontziko ura garbia da hasieran, baina denboraren poderioz, ur hori zikintzen doa. Orduan, nola atera arrainontzi horretatik? Ateraz gero, ito egingo da, baina bertan geratzen bada ere, ez du zori hobea izango".

Antzezlanak aurrera egin ahala, Urangak antzezten duen gizonezkoari zerbait gertatuko zaio: "Une jakin batean, nire pertsonaiak mina sentitzen du gizonezko bezala. Istorioa bukatu ondoren ere, pertsonaiak denbora behar du bere onera etortzeko, halako egoera latz eta desatsegin batera eraman dutelako".

Antzezlanarekin argi eta garbi adieraziko diete mezua ikusleei: "Hau antzerkia da, jolas bat. Istorio gogor bat antzeztuko dugu, ikuslearen erraiaknahasiko dituena, baina gurea antzeztua da. Baina zer gertatzen da hau errealitatean pasatzen denean?".

Duela 4 hilabete antzezlanaren aurre-estrenaldia egin zuten Urnietako Sarobe zentroan, gutxi batzuren aurrean. "Publikoari zirrara sorrarazi zion; hainbat mementotan, behintzat, bai. Azken batean, emakumearen diskurtsoa erabat gardena da, zapalkuntzatik eginiko askatasun diskurtsoa baita".

Pertsonaia zaila

Arrainontzian egiten duen pertsonaia antzeztea zaila egin zaiola aitortu du Urangak, batik bat gizonezko eredu horrek irudikatzen duenagatik. Horrexegatik, "nire jarrera bazter batean egotearena izan da. Izan ere, antzezlanaren benetako protagonistak --egilea, pertsonaia nagusia eta ekoizleak-- emakumezkoak dira. Antzezlan zintzoa dela iruditzen zait, bihotzetik idatzitakoa, eta nire aldetik, aktore gisa, ezin nion uko egin bertan parte hartzeari. Beraz, elkartasuna adierazte aldera, proiektuarekin bat egin eta ahalik eta isilen jardutea erabaki nuen".

Hala eta guztiz ere, ez da isilik geratu genero indarkeriari buruz duen ikuspegia azaltzerakoan: "Zoritxarrez, beti gertatu izan da eta gaur egun ere gertatzen ari da, eta hau nolabait ere moztu egin behar da. Gizonezkoek, emakumezkoek eta, oro har, gizarte osoak asko ikasi behar dugu oraindik, elkar errespetatzeari dagokionean".

Era berean, "genero indarkeriarekin amaitzeko irtenbidea ez dakit zein den, baina jakin badakit halako zerbait egiteko potentzialtasuna edozein gizonek duela bere eskuetan, indar fisikoa dugulako eta horrela hezi gaituztelako. Beraz, duinak izan nahi baldin badugu, eredu horri aurre egin behar diogu, nahiz eta lan erraza ez izan".

Asteburuko antzerki egitaraua

Arrainontzia lanaz gain, beste bi antzezlan ikusteko aukera izango da datozen egunotan. Bihar, Kanpigags taldearen Ni Hector nai, ni bakarrik eta igandean, berriz, Jolas eta zilarrezko txartela. Bi ekoizpen horietan herriko aktoreek ariko dira; biharkoan Nagore Aranburu eta igandekoan, Liber Aranburu.

Azaroak 27, bihar

Antzezlana. Ni Hector naiz, ni bakarrik.

Taldea. Kanpingags.

Aktoreak. Teresa Calo, Aitor Beltran, Nagore Aranburu, Asier Zinkunegi eta IƱaki Urrutia.

Zuzendaria. Jokin Oregi.

Non. Izarraitz pilotalekuan.

Ordua. 21:30ean.

Azaroak 28, etzi

Antzezlana. Arrainontzia.

Taldea. Pok Produkzioak.

Aktoreak. Aizpea Goenaga eta Kandido Uranga.

Zuzendaria. Edi Naudo.

Non. Izarraitz pilotalekuan.

Ordua. 21:30ean.

Azaroak 29, igandea

Antzezlana.

Jolas eta zilarrezko txartela.

Taldea. Jakin eta Jolas.

Aktoreak. Ugaitz Alegria eta Liber Aranburu.

Zuzendaria. Galder Perez.

Non. Izarraitz pilotalekuan.

Ordua. 18:00etan.