Leku Eder enpresari "azpijokorik ez erabiltzeko" eskatu diote etxejabeek

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 25a, 09:11
Etxebeltz-Izarran etxebizitza egokituta dutenak atzoko prentsaurrekoan.

Etxebeltz-Izarran babes ofizialeko etxebizitza egokituta dutenek atzo egin zuten lehen agerraldi publikoa

Etxebizitzak egiteko ardura duten enpresei hitzarmena bere horretan betetzeko eskatu diete

Etxebeltz-Izarra eremuan babes ofizialeko (BOE) etxebizitza egokitu zitzaienek, "kaltetuek", atzo egin zuten lehen agerraldi publikoa. Batetik, Udalari eskatu diote eraikuntza enpresekin duen hitzarmenaren inguruan hartutako erabakiari "irmotasunez eusteko". Bestetik, Etxebeltz-Izarra eremuko plana auzitara eraman zuen Leku Eder SA sustatzaileari "bere interes ekonomiko eta pertsonalak lortzeko azpijokorik ez erabiltzeko" eskatu diote. Eta, BOEn sustatzaile diren Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresei hitzarmena "bere horretan bete" eta etxeak egiteko lanei "berehala ekiteko" exijitu diote. Eskaera horiek egiteko, eremu horretan babes ofizialeko etxebizitza egokitu zaienek manifestazioa deitu dute larunbaterako, 19:00etan, herriko plazan hasita.

Etxebeltz-Izarran BOEk eta etxebizitza pribatuak eraikiko dituzte. 208 BOEtatik 154 2008ko apirilaren 4an zozkatu zituzten. "Hasieran etxea egokitu zitzaienentzat positiboa zirudien, baina bidean oztopo ugari aurkitu dugu, eta gaur da eguna, BOEn lanak etenda daudela eta ez dakigula zenbat luzatuko diren".

Leku Eder SA etxegintzako enpresak Azpeitiko Arau Ordezkatzaileen kontra hainbat errekurtso jarri du eta aldeko ebazpenak lortu ditu. BOE etxebizitza egokitu zaienak kritiko azaldu dira horrekin: "Uste dugu, Leku Eder tresna horietaz baliatzen ari dela bere interes ekonomiko eta pertsonalak lortzeko, eta haren helburua bere jabetzako lur eremuan eraikitzea besterik ez dela".

Leku Ederrek jarritako errekurtsoek eta orain arte emandako ebazpenek "eragindako ezegonkortasun juridikoaren aurrean", Etxebeltzen etxea egokitu zaienek "bermea" eskatu dute, "ziurgabetasun juridikoari irtenbidea aurkitzeko". Hala, uztailean Herri Antolamenduaren Plan Orokorra garatzeko erabakia hartu zuen Udalbatzak.

Hortik aurrera, etxea egokitu zaienek etxebizitzen kontratuak sinatu eta lehen ordainketak egin behar zituzten. Baina, egoera okertu egin da. BOEk eraikitzeko ardura duten Altuna y Uria eta Amenabar sustatzaileek 2006an Udalarekin sinatuta zuten hitzarmena eten egiten zutela adierazi baitzuten eta irailean BOEn lanak gelditu egin zituzten, "ziurgabetasun juridikoa argudiatuta". Baina etxebizitza libreen lanak aurrera doazela salatu dute etxejabeek, "antza, ziurgabetasun juridiko horrek ez du eragiten salmenta libreko etxebizitzetan". Etxejabeen ustez, hitzarmena eteteko erabakiaren atzean beste arrazoi bat dago: "Salmenta libreko etxebizitzekin lortu ezin dituzten irabaziak BOEko etxebizitzekin ateratzea. Sustatzaileek eskatzen duten gisan hitzarmena eguneratuz gero prezioak igoko dira. Ondorioz, gaur egun prezioarekin alderatuta 2,5 milioi euro (400 milioi pezeta) gehiago irabaziko lituzkete".

"Etxebeltz-Izarrako kaltetuok denbora honetan lan handia egin dugu, eta alderdi politiko guztiekin bildu gara egoerari irtenbide egokiena bilatzeko", diote. Orain, ordea, ez dute onartzen etxegileek eraikuntza lanak etetea. Esan dute, etxebizitzetako kontratuak sinatzeko prest daudela, baita dagokion ordainketa egiteko ere, "baina, beti ere, 2006ko hitzarmeneko baldintzapean".