Polizia operazio zabala ari dira egiten gaur goizean goizetik Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu dituzte Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin, eta Azpeitian ere izan da Polizia bart gauean. Herrian bizi den Urnietako gazte baten etxean izan da, ustez haren bila joanda, baina ez du bertan aurkitu. Hala ere, hiru orduz jardun dute etxea miatzen.
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea ari da zuzentzen operazioa. ETArekin lotzen dute Segi poliziek eta, horien arabera, "berrosatzen" ari zen. "Horretaz informazioa lortzea da helburuetako bat", diote Espainiako berri agentziek, polizia iturriak aipatuta.
Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpoko erakundetzat jo zuen Segi 2007ko urtarrilaren 19an, "terrorista" delakoan. Berdina egin zuen bere garaiko Jarrai eta Haika gazte taldeekin.
Informazio gehiago Berria.info-n eta www.askatu.org helbidean.
"Kezka izugarria"
Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) "eraso honen aurrean" herritarrei dei egin die 19:30ean plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.
Bart gauean hasitako operazioa dela-eta "espainiar eta frantziar gobernuek marraztua duten estrategia errepresiboaren beste episodio bortitz baten aurrean" gaudela adierazi dute AAM-tik, gaur plazaratu duten agirian. "Atxilotuen egoeraren aurrean kezka izugarria" azaldu dute, inkomunikatuta dauden heinean "tortura basatiaren arriskuan aurkitzen" direnaren ustean. "Atxilotutako gazte independentista guztiei elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu eta euren senide eta gertukoei ere bai".