Jaso du Imanol Eliasek Txalo saria

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 23a, 19:11
Imanol Eliasen emaztea, Elias bera, Julian Eizmendi alkatea eta Ana Mendizabal Udal Kultura batzordeburua, larunbatean udaletxean.

Antzerkiaren eta antzerkizaletasunaren alde egindako lana aitortu zioten larunbateko ekitaldian

Saria beste jende askorekin partekatzen duela azpimarratu zuen Eliasek

Larunbatean jaso zuen Imanol Eliasek Azpeitiko XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako Txalo saria, azkeneko lau hamarkadetan herriko antzerkiaren eta antzerkizaletasunaren alde egindako lanaren aitorpen gisa.

Udaletxean izan zen ekitaldia, eta aretoa dena bete zen. Julian Eizmendi alkatea han izan zen, Ana Mendizabal Udal Kultura batzordeburua ere bai, udal talde denetako ordezkariak, Azpeitian antzerkian ibili edo dabiltzan kideak, Daniel Landart Euskal Herriko antzerkigintzaren sustatzaileetakoa, Imanol Eliasen emaztea eta senideak, Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariak...

Imanol Eliasek denei eskerrak eman zizkien, eta saria beste jende askorekin partekatzen duela azpimarratu zuen, "haiek ere egin dutelako meriturik".

Uztarria Kultur Koordinakundeak 2002an Imanol Eliasez argitaratu zuen biografian luze eta zabal ageri da hark antzerkigintzan egindako lana.