Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko zain dauden herritarren egoera salatu dute

Uztarria.eus 2009ko aza. 21a, 11:11
AAM-ko kideak eta epaiketaren zain dauden herritarrak gaur eman duten prentsaurrekoan.

Maider Egiguren abenduaren 9an hasiko dira epaitzen, talde terroristarekin kolaboratzea egotzita

Mobilizaziorako deia luzatu eta abenduaren 12rako manifestazioa iragarri du AAM-k

Auzibide ezberdinak medio Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko zain dauden hainbat azpeitiarren egoera salatu du gaur, larunbata, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), prentsaurreko agerraldian. Salaketarekin batera, "errepresioaren aurrean herritarrak antolatu eta erantzun sendoak ematea beharrezkoa dela" iritzita, mobilizaziorako deia ere luzatu dute: abenduaren 12an Azpeitian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Maider Egiguneren kontrako epaiketarekin batera etorriko da manifestazioa. Talde armatuarekin kolaboratzea egotzita epaituko dute azpeitiarrara, abenduaren 9tik aurrera, Madrilen. Udalbiltza auzia ere laister dira epaitzekoak, eta auzipetuetako bat Miren Odriozola zinegotzi ohia da. Egunkaria-ren arduradunen kontrako epaiketa ere hastear da... "Euskal Herriak bizi duen salbuespen eta jazarpen egoeraren ispilu" besterik ez dira kasu guztiok, AAM-ko kideen esanetan. Espainiako Auzitegi Nazionala, berriz, "salbuespeneko epaitegia da, epaitegi frankisten zuzeneko oinordekoa".

"Errepresio estrategia marrazten eta zuzentzen duten arduradun politikoak" dira, AAM-ren arabera, egoeraren arduradun nagusiak, "Rubalcaba eta Ares kasu". Azpeitira etorrita, "Julian Eizmendi eta Azpeitiko EAJko hautetsiek aipamen bat merezi dutela" ere uste du AAM-k: "Herritarrak espainiar Entzutegi Nazionalean epaituak izango dira eta hauek isilik daude", diote.

AAM-ren irakurketa

Jarraian, AAM-ko kideek gaur goizeko agerraldian egindako irakurketa, osorik:

"Azpeitian egun bizi dugun egoera Euskal Herriak bizi duen salbuespen eta jazarpen egoeraren ispilua baino ez da. Gure herrian eman diren gertaera errepresiboak Euskal Herrian gaur ematen ari diren testuinguruan ulertu behar dira ezinbestean.

Euskal Herrian disidentzia politikoaren aurka abian den gurutzadak inoiz ez bezalako intentsitatea hartu du. Errepresio bide guztiak darabiltzate estatuek, finean Euskal Herriaren askatasunaren alde lanean ari diren herritarren aurka egiteko. Bereziki espainiar salbuespen entzutegira deituak izan diren eta bertan epaituko dituzten herritarren egoera salatu nahi dugu gaurkoan.

Espainiar Entzutegi Nazionala salbuespeneko epaitegia da, epaitegi frankisten zuzeneko oinordekoa. Espainiar errepresiorako ezinbesteko tresna bilakatu da azken urteotan, eta gure herrian bertan jakin badakigu zein den auzitegi honen lana. Aurrez ere Azpeitiko gazte bat (Garikoitz Etxeberria), auzitegi honen aginduz atxilotua eta espetxeratua izan zen. Ondoren sei urte eman zituen preso, Haika gazte erakundeko kide izate hutsagatik. Unai Lizaso atxilotu eta hiru egunean basatiki torturatua izan ondoren iritsi zen espainiar Entzutegi Nazionalera. Hau da espainiar Entzutegi Nazionalaren lana Euskal Herrian: Lan politikoa espetxearekin zigortzea, atxilotuak torturatzea eta epaiketetan torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabiltzea, biltzeko eskubidearen debekua, adierazpen askatasunaren debekua, euskarazko egunkariak ixtea. Hau da espainiar Entzutegi Nazionalaren lana, eta lan honen ondorioak ezagutzen ditugu azpeitiarrok ere.

Ondorengo hauek dira Espainiar Entzutegi Nazionalaren mehatxupean egun dauden herritarrak:

  • Maider Egiguren bi urte eta erdi egon zen espetxean espainiar poliziek atxilotu ostean. Talde armatuarekin kolaboratzea egozten diote, pertsona batek torturapean egindako deklarazio batean bere izena agertu ondoren. Epaiketa abenduaren 9an, 14an, 15ean, 16an eta 17an izango du.
  • Miren Odriozola Udalbiltza auzian auziperatua dago eta fiskalak hamar urteko espetxe eskaera eta 'Dignidad y Justicia'-k 15 urteko espetxe eskaera egiten du bere aurka. Epaiketa laster izatekoa da.
  • Iban Urbieta, Josu Labaka, Mikel Olaizola eta Aritz Arzallus Azpeitiko epaitegian izan ziren deklaratzen terrorismoa goratzea egotzita. Espainiar Entzutegi Nazionalak agindu zuen deklarazio hartzea eta beraien aurkako prozedurak zein bide hartuko duen zain daude.
  • IƱaki Iribarren Txarrantxako zerbitzaria ertzainek identifikatu zuten tabernara argazkiak kentzera sartu zirenean. Tabernan Azpeitiko preso eta iheslari politikoen argazkiak izateagatik terrorismoa goratzea egozten diote.
  • Hainbat azpeitiarrek lan egiten zuten Egunkaria itxi zuten Guardia Zibilek, egunkariko arduradunetako batzuk atxilotuz eta torturatuz. Egunkaria-ren aurkako epaiketa laster hastekoa da.

Espainiar eta frantziar estatuek errepresioaren aldeko apustu itsuan jarraitzen dute. Denak balio du herri honen aurka. Errepresioa egunez egun, herriz herri sektore oso bat itotzeko, ezabatzeko marraztua dute, eta herrian bertan izandako gertaera hauek guztiek erakusten dute zein den errepresio honen guztiaren neurria.

Argi dugu gure herrian ematen ari den errepresioaren arduradun nagusiak errepresio estrategia marrazten eta zuzentzen duten arduradun politikoak direla, Rubalcaba eta Ares kasu. Baina hain urrun joan gabe, une honetan gure herriko arduradun politikoek aipamenik merezi dutela uste dugu.

Julian Eizmendi eta Azpeitiko EAJko hautetsiek aipamen bat merezi dutela uste dugu. Isilik egon dira herritarrak torturatu dituztenean, lan politikoa egite hutsagatik auziperatu edo espetxeratu dituztenean. Isilik egon dira ertzainak herriko tabernetara sartu eta argazkiak kendu dituztenean. Herritarrak espainiar Entzutegi Nazionalean epaituak izango dira eta hauek isilik daude. Non daude hainbeste aldiz aipatu dituzuen giza eskubideak? Zuen ustez ba al du espainiar Entzutegi Nazionalak zilegitasunik herritarrak epaitu eta espetxeratzeko? Zer egiteko prest zaudete gertaera hauen aurrean?

Errepresioaren aurrean herritarrak antolatu eta erantzun sendoak ematea beharrezkoa dela uste dugu. Errepresioa indargabetu behar dugu, eta horretarako kaleko mobilizazioa eta eremuz eremu egiten den lana beharrezkoa dela uste dugu. Zentzu honetan, benetako prozesu demokratiko bat bururaino eramateko beharrezkoa ikusten dugu errepresioaren aurrean benetako horma bat eraikitzea, errepresioari bidea ixteak ekarriko baitu demokraziari bidea erraztea.

Honela, errepresioari erantzuteko lehen zita abenduan izango dugu herritar guztiok. Maider Egigurenen aurkako epaiketa abenduak 9an hasten da. Epaiketak irauten duen bitartean mobilizazioak izango dira eta abenduaren 12an, larunbata, Azpeitian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu guztioi".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 820 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)