Ana Elosegi: "Pertsonak jaiotzetik hiltzeraino bizi du bere sexualitatea"

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 17a, 17:11
Ana Elosegi sexologoa (IRENE ELORZA)

Azpeitiarra, Azkoitiko Udalak abiatu berri duen Sexu Heziketa Integrala proiektuaren koordinatzailea da

Azpeitian ere berak koordinatzen du Sexu Heziketa Plana

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak abiatu berri duen Sexu Heziketa Integrala proiektuaren koordinatzailea da Ana Elosegi (Azpeitia, 1975). Adin guztietako herritarrei zuzendutako plangintzak prebentzioa eta informazioa lantzen ditu bereziki, sexuaren alderdi ludikoa eta emozionala aldarrikatuz.

Zertan datza Sexu Heziketa Integrala plangintza berritzailea?

Sexu Heziketa Integralaren egitasmoak sexu heziketa eta hezkidetza lantzen ditu oinarrian. Parekidetasun Sailetik prebentzio lana egin nahi izan da, emakumeen eta gizonezkoen aukera berdintasuna nerabezaroan lantzen baitzen orain arte eta orain 0-6 urte bitartekoekin hasi eta zaharragoekin lan egin nahi dugu. Irakasleak hezten ditugu sexu heziketa eta hezkidetza landu dezaten, hau da, emozioak, sentimenduak, tratu onak eta abar lantzeko. Ondoren, beraiek kontzeptu hauek umeekin aplikatzen joango dira egunerokotasunean. Proiektuak hiru alor ditu: ikastetxeetara begirakoa, herri mailakoa (3. adina arte), eta kultur ekimen osagarriei dagokiona, bestetik. Lehena, 0-18 urte bitarteko ikasleei, gurasoei eta irakasleei bideratuta dago eta herri mailakoa, berriz, adinekoetaraino iristen da. Horregatik da egitasmo integrala, pertsonak jaiotzatik hiltzeraino bere sexualitatea bizi duela ulertzen dugulako. Iaz, Azpeitian adinekoei zuzendutako ikastaroa antolatu genuen eta nobedade handia izan zen. Gizartea asko aldatu da eta adinekoek beste klabe batzuk behar dituztela esan digute, bai bere sexualitatea baita bere iloben sexualitatea ulertzeko ere.

Zergatik da hain garrantzitsua gai hau gazteekin lantzea?

Interes handia dute eta sexualitatea pil-pilean duten gaia da, horregatik dira inportanteak gazteak. Heldutasunerako prebentzioa egiteko gakoa izaten da adin tarte hau.

Zeintzuk dira gazteen kezkak? Asko aldatu al dira?

Ez dira asko aldatu. Informazio asko daukate baina, ere berean, ez dute informazio hori kontrastatzen, etxean ez delako askorik hitz egiten gaiaren inguruan. Ikastetxean ugalketaz edo arlo fisikoaz hitz egiten da gehienbat. Guk emozioak eta sentimenduak landu nahi ditugu. Izan ere beraiek badakite kondoia jantzi behar dutela, baina askotan ez dute janzten. Zerbaitek huts egiten du. Zein arriskatzen da gehiago? Autoestima baxua duena. Edo, bikote batengatik edozer egiteko prest gaude, maiteminduta gaudelako? Guk ezetz azaltzen diegu, muga batzuk daudela eta aurrena geure burua zaindu behar dugula esaten diegu ikastaroetan.

Nola txertatzen dituzue gazteek eta euren gurasoek dituzten kezkak?

Oso inportantea da gurasoekin lan egitea, guk gazteei ematen diegun tresna eta gako berdinak eman ahal izateko eurei ere. Kontua ez da dena jakitea, baizik eta jarrera ona izatea eta egiarekin erantzutea beti.

Haurren irakasleekin zer-nolako lanketa egiten duzue?

Emozioa eta sentimenduen mundua lantzen dugu. Nola erakutsi umeari bere emozioak identifikatzen, adierazten. Irakasleei umeak hainbeste ez epaitzen erakusten diegu. Sexismoaren gaiak bai mutilei bai neskei nola eragiten dien lantzen dugu. Neskok afektibitate eta emozio arloan abaintala daukagu, baina ezberdintasun horretan neskek bakarrik ez dute galtzen, mutilek ere galdu egiten dute. Ezberdinak direnen sufrimendua ere lantzen dugu. Aniztasuna oinarrizko gaia da sexu heziketa egiteko moduan.

Aniztasunaren aurrean jarrera irekia al dute gaur egungo gazteek?

Oso irekita daude. Baina helduok dauzkagun gatazken antzekoak izaten dituzte gazteek ere. Desberdinak direnak gehiago zanpatzen dituzte, adibidez. Adibidez, femeninoak diren mutilak askoz zailago dute egunerokotasun normala eramatea.

Gizartean ere jarrera sexista ugari izaten da, ez al da zaila horren kontra egitea?

Bai, baina gure gakoak oso freskoak direla iruditzen zait. Oso aberatsa da gazteekin lan egitea. Gainera, egiten dugun lan guztietan euren esker ona adierazi ohi digute. Egia da gauza asko dugula kontra, baina nik behintzat ez diot horri begiratzen.

Urtarrilean aholkularitza zerbitzua jarriko duzue martxan.

Zerbitzu osagarria izango da. Gazte Informazio Bulegoan emango dugu zerbitzua eta kontsultak on-line egiteko modua ere izango da. Aberasgarria izango da guztiontzat.