Nolakoa da Udalaren egoera ekonomikoa?

Uztarria.eus 2009ko aza. 17a, 19:11

Julian Eizmendiren arabera, krisi garaian egoera "ez da kritikoa", baina "aurrezte gaitasuna jaitsi" egin da, "gastu korrienteak kontrolatu" egingo dituzte eta "zerbitzu sozialak lehenetsi"

"Beste administrazioen eskumenak hartzen joan dira udalak, baina sarrerak izan gabe"

Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea Udalaren egoera ekonomikoaz mintzatu da hedabide batean eta adierazi du, egoera zaila den arren, egoera ez dela kritikoa.

Haren esanak, kezkak eta ondorioak:

  • “Krisiaren aurretik (Azpeitiko Udalean) egoera nahikoa ona zenez eta hartutako neurriei esker, orain egoera ez da kritikoa.
  • Krisiarekin udalen aurrezte gaitasuna jaitsi egin da. Egoera salbuespenekoa da, eta maileguekin gastu korrienteari aurre egiteko malgutasun handiagoa lortu nahi da. Baliteke hori 2010eko urtarrilean jartzea indarrean Gipuzkoan —bide batez, esan udalen baliabideen ia erdia Foru Aldunditik datorrela—.
  • Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izateagatik, beste administrazioak iristen ez diren esparruak betetzen ari dira udalak, eskumenak hartzen joan dira, zerbitzuak, baina batzuetan sarrerak izan gabe edo besteetan denborarekin galtzen joan dira sarrerak. Beraz, gastu korrientearen kontrolean behin ere baino gehiago ahalegindu beharko gara, diru sarrera jaitsiera garrantzitsua eduki duen edozein etxetan edo enpresatan bezala. Espero dugu ez eskatzea mailegurik gastu korrienterako edo funtzionamendurako.
  • Ahal duguna inbertitzen saiatuko gara, baina datozen belaunaldiak hipotekatu gabe. Egoera honetan, jakina, zerbitzu sozialak lehenetsi behar dira. Jende asko dago gaizki pasatzen ari dena, eta solidarioak izan behar dugu eta lagundu.
  • 2009ko finantzazio lokalaren foru fondoaren itzulketa datozen hiru urteetan eta interesik gabe egiteko aukera dugu eta hori funtsezkoa da udalak ez itotzeko".
  • Ordenantza fiskaletan bezala —ahalegin handia egin dugu denok—, garrantzitsua izango da aurrekontuetan ere adostasun handia lortzea”.

El Diario Vasco egunkarian egindako elkarrizketa osoa, hemen