Harremana sendotzeko konpromisoa hartu dute Azpeitiak eta Hazparnek

Uztarria.eus | Politika
2009ko aza. 16a, 12:11

Udaleko, Kulturako, Komunikazioko eta Hezkuntzako ordezkariak izan ziren Lapurdiko herrian larunbatean

Hango elkarteekin hartu-emanean jarri dira Azpeitikoak

Onintza Etxeberria (EAJ) Azpeitiko zinegotzia adierazpen berritua sinatzen. Hazparneko udalaren izenean bertako alkate Beñat Intxauspek sinatu zuen -atzean, besoak gurutzatuta dituena da-.  Argazki originala

Azpeitiko eta Hazparneko herrien arteko senidetasuna sendotu asmoz, Azpeititik Lapurdiko herrira egun-pasa egin zuten 23 lagunek larunbatean, eta bi herrietako udalek berretsi egin zuten 80ko hamarkadan sinatutako senidetza akordioa. "Arrapiztu" ere bai, Beñat Intxauspe Hazparneko alkateak ekitaldi instituzionalean esan zuenez. Bi udalek iazko udaran ekin zieten berriro lehen hartu-emanei.

Intxauspek berak eta Onintza Etxeberria (EAJ) Azpeitiko zinegotziak sinatu zuten adierazpen berritua bi udalen izenean.

Azpeititik Julian Kortajarena (EAJ), Ana Mendizabal (EAJ), Leire Lazkano (hautetsi independentista) eta Haizkurgi Uzin (hautetsi independentista) zinegotziak ere izan ziren. Aralarrek alderdiko ordezkaritza bidali zuen.

Ikastetxe eta elkarteen konpromisoa ere bai

Itsasi Euskal Kultur Taldea, Arte eta Diseinu ikastegia, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Karmelo Etxegarai Ikastola, Kultur Mahaia, Zine Kluba, Uztarria Komunikazio Taldea, Julian Barrenetxea abesbatza… izan ziren Hazparnen, eta euren arloetako hazparndar ordezkariekin bilerak egin zituzten, hartu-emana izateko. Bi herrietako ikastetxeek eta elkarteek ere harremana hasteko edota sendotzeko konpromisoa hartu zuten.

Ia goizeko hamaiketan heldu ziren Azpeitiko kideak Hazparnera, eta bi dantzarik aurreskuarekin eman zieten ongi-etorria. Hamaiketakoa egin eta Hazparneko txoko ezberdinak ezagutu zituzten: Eihartzea kultur elkartearen egoitza, Ezkia Ikastola, Herriko Etxea, trinketeak… Bazkal aurretik bi herrietako ordezkariek senidetasuna sendotzeko konpromisoa hartu zuten. Bazkalostean kanturako denbora izan zuten bildutakoek, eta laurak aldera abiatu ziren herrira azpeitiarrak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu