Etxebeltzeko BOEn etxejabeek bilera egingo dute egoera aztertzeko

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 16a, 11:11

Kaltetuen lan taldeetako ordezkarien arabera, etxegileen jarreraren aurrean zerbait adierazi beharra dute

Batzarra asteazkenean 19:30ean izango da Betherrametako aretoan

Etxebeltz-Izarra eremuan babes ofizialeko etxebizitza egokitu zaienen bilera deitu dute, etxejabeen lan taldeetakoek. Eremu horretako etxegileek hartutako jarreraren aurrean, kaltetuak izan direnek "zerbait adierazteko garaia delako" deitu dute bilera. Antolatu duten batzarra asteazkenean izango da, 19:30ean, Betharrametako aretoan.

Etxebeltz-Izarrako BOEtako etxejabeak joan den udaberrian hasi ziren elkartzen, "eremu horretako arazo judizialen ondorioz". Arazoari irtenbide bat emateko eskatu zioten Azpeitiko Udalari. Uztailean, Udalak Arau Ordezkatzaile berriak egitea erabaki zuen, Udalbatzaren gehiengoarekin. "Irtenbidea martxan jarri zuenez Udalak, hurrena konpromisoa hartuko zutenak gu ginen, etxejabeak. Etxebizitzaren kontratua sinatu eta %20a aurreratzea egokitzen zitzaigun guriĀ» , diote etxejabeek.

Etxegileen "kontraesana"

Baina, eremu horretako etxegileek, Altuna y Uria eta Amenabar enpresek, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lanak gelditu egin zituzten. "Lanak gelditzeko ziurgabetasun juridikoa argudiatu zuten etxegileek. Baina, ziurgabetasun egoera berean dauden etxebizitza libreak eraikitzen jarraitu dute", diote etxejabeen ordezkariek. "Kontraesan hori ikusita, eta haiek diru gehiago eskatzen dutela jakinik, Udalak horren gaineko adierazpena onartu zuen, aho batez". Udalak adierazpenean besteak beste honakoa adierazi zien etxeak egiten ari diren eraikuntza enpresei: babes ofizialeko etxebizitzen lanak bukatzeko, Udalarekin egindako hitzarmenean adierazitako epean eta prezioetan.

Etxejabeen arabera gaur egungo egoera honakoa dela diote: "Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen lanak geldituta daude eta eremu horretako etxegileek diru gehiago eskatzen jarraitzen dute".

Etxejabe guztientzako deia

Auzi honetan kaltetutako etxejabeen lan taldeetako ordezkarien arabera, "egoera honen aurrean zerbait egin beharrean gaude, eta guk kaltetuok zerbait esateko daukagula iruditzen zaigu". Hori dela eta, etxejabe guztien artean, talde zabalean, hitz egiteko bilera deitu dute asteazkenerako, "badelako garaia guk ere etxegileei gure desadostasuna adierazteko".

Asteazkeneko bilera ahalik eta laburrena egiten saiatuko direla ere azaldu dute.