'Bertan' txartelarekin egindako erosketetan beherapena egingo dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 16a, 10:11

%5eko deskontua egingo dute Bertan Merkatari Elkarteko dendetan

Bihar hasi eta abendua bukatu bitartean egingo dute deskontua

Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak ekimen berri bat jarriko du martxan, bihar hasi eta abenduaren 31 bitartean. Bertan erosketa txartela dutenek, elkarteko bazkide diren herriko dendetan %5eko deskontua izango dute txartelarekin egindako erosketetan. Merkatariek azaldu dutenez, kanpaina honekin Bertan txartela eskatu duten bezeroak "saritu" nahi dituzte.

Bertan Merkatari Elkarteak irailaren erdian sortu zuen Bertan erosketa txartela, Nafarroako Rural Kutxarekin elkarlanean. Txartelaren ekimen honetan elkarteko 70 dendak hartzen dute parte.

Puntuak lortzeko aukera

Erosketa txartela dutenek deskontuez gain, puntuak lortzeko aukera ere izango dute. Txartelarekin ordaindutako euro bakoitzagatik puntu bat lortuko dute bezeroek. Hala, mila puntu osatutakoan, hamar euroko txekea lortzeko aukera dute, Nafarroako Rural Kutxaren bulegoan. Gero, erosketa txartel hori Bertan txartela onartzen duten dendetan erosketak egiteko baliagarri izango dute. Puntuak lortzeko aukera honek ez du epemugarik.

Txartela, eskura

Bertan elkartearen helburu nagusia, "herriko merkataritza indartzea da". Erosketa txartelarekin, berriz, euren bezero direnei abantailak eman nahi dizkiote.

Erosketa txartela doan eskuratu daiteke. Horretarako, txartela eskatzeko orria bete beharko da, honako toki hauetakoren batean: Bertan elkartearen bulegoan (Erdikalea 18an, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara); Bertan merkatari elkarteko saltokietan; eta, Nafarroako Rural Kutxako Azpeitiko bulegoan. Eskaera orrian norberaren datuak jarri behar dira, baita kontu korronteko zenbakia ere. Baina, merkatariek azaldu dutenez, edozein bankutako zenbakia jarri daiteke, "derrigor ez da Nafarroako Rural Kutxako bezeroa izan behar".

Datua

  1. 000

Bertan erosketa txartel. Irailaren erdian sortu zuten Bertan Merkatari Elkartekoek Bertan erosketa txartela, eta dagoeneko mila txartel egin dituzte. Orain, abiatuko duten ekimenarekin txartela jende gehiagok eskatzea espero dute merkatari elkarteko arduadunek.

70 denda. Bertan erosketa txartelarekin herriko 70 dendatan egin daitezke erosketak.