50 lagun bildu dira turismo erlijiosoa eta kulturalaren saioan

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 12a, 10:11
Jardunaldien aurkezpena atzo, Loiolan, Gogartetxean.

Urola Erdiko, Debagoienako eta Urola Garaiko udal elkarteek orain hamabi urte hasi zuten elkarlana

Gaur, Bergaran izango dute, heziketa izaera izango duen saioa

Atzo hasi zen Loiolako Gogartetxean Ignaziotar lurraldea; Turismo erlijiosoa eta kulturala garatzeko produktu berriak jardunaldia. 50 lagun inguruk hartu zuten parte atzoko saioetan. Gaur, berriz, Bergaran izango dute, heziketa izaera izango duen saioa.

Jardunaldia antolatu dutenak Urola Erdiko Udal Elkartea eta Iraurgi Lantzen, Urola Garaiko Udal Elkartea eta Debagoiena Udal Elkartea izan dira. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak jardunaldiaren aurkezpenean esan zuenez, 12 urte dira hiru eskualdetako udal elkarteak elkarlanean ari direla. Hiru tenpluen ibilaldia egitasmoarekin hasi zuten turismoko elkarlana."Hiru udal elkarteok egitasmo komun bat bultzatzen dugu turismoa sustatzeko. Egitasmo hori San Inazioren irudiaren bidez lotzen dugu. Zalantzarik gabe, San Inazio baitugu Euskal Herriko pertsonaiarik internazionalena", esan du.

Turismo erlijiosoa "indarra hartzen" ari dela nabarmendu du Eizmendik, "kultura arloan eta aisialdian gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari baita gaur egun".

Elkarlanean hamabi urtez jardun ondoren, ekimena "hausnarketarako eta esperientziak elkartrukatzeko unea" ere badela esan zuen alkateak. Gaineratu zuenez, atzo hasi zuten jardunaldiaren helburu nagusia ere horixe bera da, "orain arteko elkarlanarekin jarraitzearekin batera".

Gipuzkoako Foru Aldundiko turismoko ordezkariak, hamabi urte hauetan Hiru tenpluen ibilbidea egitasmoan parte hartu dutela eta segitzeko prest daudela esan du. "Gipuzkoa mailan marketineko azterketa bat egin genuen, dauzkagun gune turistikoak nola saldu behar ditugun aztertzeko. Datorren urtean ere beste hausnarketa bat egin beharko dugu, eta batik bat produktu turistikoan egin beharko dugu indarra. Ignaziotar Lurraldea egitasmoaren baitakoa, produktu bakarra dela uste dugu, saldu eta esportatu daitekeena dela uste dugulako".

"Gure espiritualitatearen, ondarearen eta Loiolako Inazioren bizitzaren baitako berrikuntza da egitasmoa", Jose Maria Etxeberria Loiolako erretoreak turismo erlijiosoaren inguruko jardunaldiaren hasieran azpimarratu duenez.