Ingurumena eta landa garapena uztartuz Urkome Sariak antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 12a, 09:11
Juan Carlos Zuloaga, Julian Eizmendi eta Manuel Labaka atzo Urkome Sariak aurkezten, Azpeitian.

Egitasmoek berritzaileak izan behar dute, landa garapena eta ingurumena uztartu nahi baita

Aurkezteko epea, hilaren 15etik abenduaren 15era artekoa da

Urola Kostako Landa Garapeneko Urkome elkarteak lehenengo Urkome Sariak antolatu ditu, Ingurugiroa Etxea Fundazioarekin elkarlanean. Sarien helburua, landa garapena eta ingurumena uztartzea da, landa eremuko ekimen edo jarduera berritzaileak sarituz.

Sei ataletan banatu dituzte Urkome sariak; atal bakoitzean bina sari: lehen sariak bi mila eurokoak eta bigarren sariak mila eurokoak. Ekimen berria atzo aurkeztu zuten Azpeitian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko ordezkari Juan Carlos Zuloagak, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik eta Urkomeko lehendakari Manuel Labakak. Azpeitiko alkateak azaldu duenez, Ingurugiro Etxea Fundazioaren eta Urkomeren arteko elkarlanaren hasiera da ekimen berri hau: "Ziur hemendik aurrera ere elkarren artean beste hainbat proiektu bultzatuko dela".

Sariak emateko irizpideak Urkome Sariekin, landa eremuak gizarte osoarengan eragiten duen sentsibilizazioa areagoatu nahi dute. Hori dela eta, sariak banatzerakoan erabiliko dituzten irizpideak honakoak izango dira: ideia berritzailea izatea; egungo zerbitzuetan eta produktuetan berrikuntza; teknologia berriak ezarri edo erabiltzea; bideragarritasun ekonomikoa; enplegua sustatzea; berdintasuna aurreikustea; eta, gazteen ideiak izatea.

Landa garapenean eta nekazaritzan gauza berriak landu nahian egiten den ekimena dela gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. "Sektore guztien egoera larria da, baina batik bat lehen sektorearena. Etorkizunari begira hausnarketa serio bat egin, eta idea berriak landu eta lan etengabea egin beharra dago bizi kalitatea hobetzeko", gaineratu du Zuloagak.

I. URKOME SARIAK

Lehiaketako parte-hartzaileak.

  • Urola Kosta eskualdean gauzatu beharko da egitasmoa.
  • Erakundeek, elkarteek, partikularrek eta sektoreko enpresek hartu dezakete parte.
  • 2009. urtean egitasmoa aurkeztu baina oraindik gauzatu gabe daukatenak.

Sariak sei ataletan emango dituzte. Honakoak dira atalak:

  • Nekazaritza jardueraren garapena atala.
  • Landa eremuetako bizi kalitatearen hobekuntza atala.
  • Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazio atala.
  • Landa eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapen eta errekonozimendu atala.
  • Sari berezia irekia, bozka bidez aukeratuko dutena.
  • Ingurugiro Etxea Fundazioak emango duena.

Atal bakoitzean bina sari emango dituzte.

  • Sei lehen sari 2.000 eurokoak.
  • Sei bigarren sari 1.000 eurokoak.

Aurkezteko epea.

Azaroaren 15etik abenduaren 15era.

Aurkezteko lekua.

Urkomen.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Datu pertsonalak alde batetik eta proiektuaren informazioa bestetik.