Dendariek "interesgarritzat" jo dute Gipuzkoa Market ideia

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 11a, 09:11
Gipuzkoa Market ekimena aurkeztu zuten herenegun Enparan Dorretxean.

Ekimenak webgune bidezko doako marketin zerbitzua eskaini zien herriko merkatariei, herenegungo bileran

Zerbitzuari esker, produktuak interneten eskaintzeko aukera izango dute dendariek

Gipuzkoako Merkatzaritza Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Market izeneko ekimena jarri nahi dute abian, merkatariek webgune bidez euren salmentak eta bezeroekin dituzten harremanak sendotzeko. Ekimena herenegun eguerdian aurkeztu zuten Azpeitian, Enparan Dorretxean, eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko 30 dendari inguru bildu ziren.

Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteko kide eta Oinkari dendako jabe Maider Zinkunegik adierazi duenez, aurkezpenean bildu zirenei "proposamen interesgarria" iruditu zitzaien: "Merkatari elkarteko kideok halako zerbait egitekotan ginen eta, egia esan, ezin hobeto datorkigu. Antzeko ideia bat aurkeztu ziguten beste erakunde batetik, eta SPRIk ematen dituen diru laguntzak ere aztertzen ari gara. Hasierako proposamenak gastu bat ekarriko digunez eta Gipuzkoa Market doako zerbitzua denez, jendea bigarren proposamen honen aldeko jarrerarekin irten zen bileratik".

Doako marketin zerbitzua

Oro har, Gipuzkoa Marketek merkatu tradizionalaren oinarria eta jatorria berreskuratu nahi du, Internet eta teknologia berriak baliatuz. Horrenbestez, webgune bidezko doako marketin zerbitzua eskainiko diete dendariei, "bezero gehiago erakartzeko eta horiek hobeto ezagutzen laguntzeko".

Zerbitzuari esker, "nork bere dendan dituen produktuak eskaintzeko aukera izango du Interneten, argazkien eta ikus-entzunezko txikien bidez", dio Bertan elkarteko kideak. Horrez gain, blog bat jartzeko aukera izango dute merkatariek euren ataletan, "jendeak gure dendetan egin dituzten erosketak baloratzeko. Izan ere, gaur egun gero eta jatetxe gehiagotan eman dezakete iritzia bezeroek webguneetan. Beraz, tresna horren bitartez jendeak gure zerbitzuen inguruan zer-nolako iritzia duten jartzeko aukera izango lukete eta, bide batez, guk ere jakingo genuke zer dioten".

Era berean, lehendik webgune propioa dutenek esteka jartzeko aukera izango dute Gipuzkoa Marketek eskaintzen duen web zerbitzuan.

Norberak kudeatuta

Aurkezpenaren ostean, ekimenean parte hartu nahi dutenentzat izen-emate orria utzi zuten Gipuzkoa Marketeko arduradunek. Parte hartzera animatzen direnei pasahitza bidaliko diete, nork bere webguneko atala nahi bezala kudeatu dezan. "Webgunea hornitzeko programa hasieran pixka bat zaila egingo zaigula esan ziguten, baina erabiltzearen poderioz, berehala moldatuko garela", dio Zinkunegik. Edonola ere, "ekimeneko arduradunak telefono bidez edozein zalantza argitzeko prest egongo omen dira".

Honen iritziz, webgunea herriko merkataritza sustatzeko "erakuslehio ona" izan beharko luke: "Zalantzarik gabe, gero eta gehiago gara Internetez gauzak topatzen edo ikusten ibiltzen garenak. Gazte jendeak asko erabiltzen du, behintzat".