Astelehenean irekiko dute Urrestillako Haurreskolarako izen-ematea

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko aza. 6a, 19:11

Azaroaren 16a bitartean egin ahal izango dira eskaerak, udaletxean

Haurreskola berria otsailaren 1ean zabalduko dute

Urrestillako Haurreskola datorren urteko otsailaren 1ean zabalduko dute, 0-2 urteko haurrentzat. Izena emateko eskaria, ordea, datorren astean egin behar da, azaroaren 9tik 16a bitartean.

Izena eman nahi dutenek eskari orria bete eta udaletxean entregatu beharko dute. Eskaera orriak eta horiek nola bete erakusten duen informazio orriak udaletxean bertan eskatu daitezke, edo bestela Urrestillan, Mari Joseren dendan. "Garrantzitsua da eskaera orriak garaiz entregatzea", ohartarazi du Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak.

Urrestilla eta inguruetan bizi diren 0 eta 2 urte bitarteko haurrak dituzten familiei gutuna bidaliko die Udalak, izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazteko.

Bi modulu izango ditu

Haur Eskola zabalduta, Azpeitiko Udalak Urrestillako Herri Batzordeak iaz egindako eskariari erantzunez abiatutako prozesuak azken urratsa emango du 2010eko urtarrilean. Azpeitiko Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren barruan kokatuko da Urrestillako haurreskola, sare publikoan. Zurrunbilo Urrestillako Haurreskola izena jarriko diote ikastetxeari, Urrestillako Herri Batzordeak egindako proposamena jarraituz.

Haurreskolak Partzuergoak, bi modulu martxan jartzeko baimena eman du. Bata, 0-2 urte artekoentzako izango da, eta 2-3 urte artekoentzat bestea.

Garai bateko eskolak zeuden eraikuntza egokitu eta bertan kokatuko dute Urrestillako Haurreskola. Bestalde, Perretxikoa bezala ezagutzen den eraikin honen ondoko lokal batean ludoteka bezala erabiltzeko toki bat egokituko dute.

Espainiako Gobernuak bideratutako diru laguntzekin herrian gauzatuko diren bost proiektuetako bat da Urrestillako haurreskola. Proiektuaren aurrekontua 277.104 eurokoa da eta lau hilabeteko epean egingo dela aurreikusten da.