Xj Auzolanean eragileak auzoa biziberritu asmoz dinamika desberdinak jarriko ditu martxan

Uztarria.eus 2009ko aza. 5a, 14:11

Azken asteotan Lokala auzoarentzat kanpaina jarri dute martxan, lehentasuna eman baitiote "hutsune" hori betetzeari

Parte hartzea "ezinbestekoa" dela eta bileretan parte hartzera deitu dituzte auzotarrak.

Sanjuandegiko Xj Auzolanean eragileak auzoa biziberritu asmoz dinamika desberdinak martxan jartzeko asmoa agertu du. Aurreratu dutenez, laister webgune honetan bertan blog bat jarriko dute martxan. Horrekin batera, "auzotarren arteko komunikazioa indartu nahi" dute eta bide hori modu eraginkorrean burutzeko, "parte hartzea eta auzolana sustatzea ezinbestekoa" direla adierazi dute.

Aisialdiari dagokionean, hainbat ekimen kultural antolatu dituzte auzoan. Alde batetik, herriko dinamika desberdinak auzora ekartzeko lan eginez eta, bestetik, "auzoari izaera eta nortasuna emango dioten ekintzak sortuz eta bultzatuz".

Eragileko kideek aurreratu dutenez, proiektu desberdinak martxan jartzea izango da beste zeregin bat: "Auzoaren eta auzotarren beharrak kontutan hartuz, Sanjuandegiren garapen egoki baten aldeko apustua egiten dugu. Lan honetan ere, ezinbestekoa da auzotarren parte hartzea eztabaidetan eta nola ez, erabakietan".

Lokala auzoarentzat

Azken asteotan Lokala auzoarentzat kanpaina jarri dute martxan. "Lehentasuna eman diogu hutsune hau betetzeari. Gure ustez, auzoarena izango den lokal bat behar dugu". Lokal horrek "irekia" izan behar duela adierazi dute, edozein auzotar edo auzoko eragilerentzat. "Sinestekoa ez bada ere, ez dago lokal publikorik Sanjuandegi osoan gaur egun".

Hemendik aurrera, atxikimenduak biltzeari ekingo diotela eman dute jakitera, auzoak behar duen lokala izan dezan.

Zatoz zu ere!

Bi astean behin, ostiraletan, 20:00etan, biltzen dira Xj Auzolanean eragileko kideak parrokiak Sanjuandegin dituen lokaletan. Parte hartzea "ezinbestekoa" dela eta bileretan parte hartzera deitu dituzte auzotarrak.