"Eredu berri baterako" beharrezko neurriak adostu dituzte sindikatuek

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 3a, 18:11
Sindikatuetako ordezkariak prentsaurrekoan, Sindikatu Zaharrean / NEREA URANGA

Ekimen honen jatorria maiatzaren 21eko greba orokorrean dagoela azaldu du sindikatuen eskualdeko ordezkaritzak

Greba egunaz geroztik, "krisiaren ondorioak larriagotu" egin dira ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen arabera

Maiatzaren 21eko greba orokorraz geroztik, "krisiaren ondorioak larriagotu" egin dira ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen arabera. Hori dela-eta, krisialdiari aurre egiteko indarrean dauden politikak aldatzeko "eraldaketa sakona" egin beharra dagoela eta horretarako "esparru propioa" izatea aldarrikatu dute, sindikatu horietako eskualdeko ordezkariek. Bide horretan martxan jarri duten Hamar urrats eredu berri baterako dekalogoa Azpeitian aurkeztu zuten.

Sindikatuek abiatu duten ekimen berri honek maiatzaren 21eko greba orokorrean du jatorria, eta uste dute greba eragin zuten "arrazoiek indarrean segitzen" dutela gaur egun ere. Hala dio Urola Kostako ELAko ordezkari Ramon Irazuk: "Egoerak bere horretan jarraitzen du edota okertu egin da". Gogora ekarri du, Urola Kostan grebak "oihartzun zabala" izan zuela eta "greba erabatekoa" izan zela.

Greba orokorrean bezalaxe oraingo honetan ere gehiengo sindikala akordiora iritsi da ekimena abiatzeko. "Gehiengo sindikalak egindako akordio honek egoera sozioekonomikoari erantzuten dio. Grebaz geroztik krisi egoera areagotu egin da; patronalak gero eta bortitzago egiten ditu eskariak eta esklusio soziala areagotzen ari da", esan du Aitzol Aristorena Urola Kostako LABeko ordezkariak. Era berean, patronalak eta administrazio publikoek jendea elkarrizketa soziala deitzen dioten horrekin ezin dutela nahastu salatu dute sindikatuek. "Elkarrizketa soziala deitzen duten hori kapitalaren neurrira eginda baitago, bi helbururekin: ezer ez aldatzea, eta gehiengo sindikala indargabetzea". Hori dela-eta, "egoeraren premia eta larria kontuan hartuta", erakunde publikoei epe laburrean hainbat neurri hartzeko eskatu die gehiengo sindikalak.

Epe laburrerako neurriak

Epe laburrean hartu beharreko neurri horiek Hamar urrats eredu berri baterako dekalogoan jaso dituzte sindikatuek. Bertan, enpleguari dagokionez, "enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa" aldarrikatu dute: "Espedienterik onartu gabe, ordezkaritza sindikalaren gehiengoa ados egon ezean". Lan baldintzetan berdintasuna bermatzeko ere eskatu dute, "diskriminazioak ezabatuz".

Langabeziaren eta pobreziaren hazkundeari aurre egiteko laguntza sozialak ugaltzea ere eskatu dute.

Politika fiskalari dagokionez, berriz, gaur eguneko zenbait politika fiskal "lotsagarriak" direla esan dute sindikatuek. Horregatik, "aberastasuna zilegi den moduan banatu dadin, zerga politika bidezkoa eta progresiboa" eskatu dute. Osasun eta hezkuntza arloko gastu publikoa igotzea ere eskatu dute, "garatuen dauden herrialdeen mailarekin berdintzeko".

Gehiengo sindikalak adostu duen dekalogoa gizarteratzeko bideari ekin diote sindikatuek, horretarako urtearen bukaera bitartean hainbat ekimen egiteko asmoa azaldu dute. "Dekalogoari atxikimendua emateko sinadurak bilduko ditugu", esan dute. Bestetik, hilaren 13an, Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko dira eta abenduaren 11n, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.