Triku Festie, aitzakia besterik ez

Ana Mendizabal (Azpeitiko Udaleko EAJko zinegotzia) 2009ko aza. 3a, 09:11

Beste behin ere ezker abertzalea deritzon horretako kide batzuk (Kultur Taldekoak, nonbait) edozein abagune aprobetxatu dute EAJk herria aurrerantz bideratzeko daramatzan politikak gaitzesteko, beraiena bakarrik emanaz ontzat. Oraingo honetan Triku Festie izeneko ekitaldia izan da aitzakia.

Egia da aurtengo ekitaldia Sanagustin aretoan egitea zela gure asmoa. Hori esan genuen, bai Udaleko Kultur batzordeetan, bai Triku Festien antolatzaileei beraiei. Eta ezin izan bada egin, ez da EAJk inolako oztoporik jartzea nahi duelako, baizik eta ezinezkoa izan delako hainbat arrazoirengatik. Eta arrazoi horiek badakizkite musika ekitaldi horren antolatzaileek, eta badakizkizue zuek, delako Kultur Talde horretako kideok. Esango dut beste hainbat arrazoiren artean bat izan dela Madrilgo Gobernua oso zorrotz ari dela aztertzen Sanagustinen kontua, eta ezinezko izan dela lanak bere garairako amaitzea.

Ekitaldi hori hamar urte betetzera doala diozue. Eta zein izan dira urte horietatik gehienetan Udaleko Kultur arloaz arduratu direnak? EAJko zinegotziak. Eta beraz, Triku Festie antolatzeko laguntza-eta dirua, ez ahaztu, eman dutenak. Esan dezadan, bidenabar, 20.000 euro pasako diru laguntza izango duela aurten musika ekitaldi horrek.

Sanagustin eta Soreasu kontrajartzea da bigarren helburua. Sanagustinek badu bere esparrua, ekitaldi mota batzuentzat da egokia, eta hartarako erabiliko da. Baina Soreasuk ere badu bere esparrua, eta esparru hori beteko du. Gure asmoa, Soreasu bultzatzerakoan, zera izan da beti: herrian lehen zegoen kultur eta gizarte ekipamenduaren eskaintzari eustea, eta gaur egungo beharretara egokitzea.

Azken urteotan falta dugun zinema areto duina izatea, bide batez antzerki emanaldietarako, bandaren entseguetarako, musika erakundeen ekitaldietarako ere balioko duena. Herriko kultur taldeak han-hemen sakabanatuta dabiltza, gainera, eta Soreasun denentzako txoko egokiak jarri nahi dira, denak leku bakarrean elkartuta izateko, elkarren berri izan eta elkarrekin lanak eta proiektuak aurrera ateratzeko, ahal den neurrian. Eta hori argi eta garbi dakite gure herriko kultur taldeek. Hori gaizki iruditzen al zaizue, Kultur taldeko kideok? Beraz, lankidetza estua izan da beti kultur taldeekin, eta haien beharrak eta iradokizunak ahalik eta ondoen asetzeko gogoa ere bai.

Azpeitiko EAJko emakume eta gizonak herrian guztiz txertatutako pertsonak gara. Azpeitia aurrera ateratzea nahi dugu, saiatzen gara horretan, eta lortzen dugu. Oztopo zimur asko ditugu azkenaldian, baina horiek ere gaindituko ditugu, herriaren alde lan egitea baita gure helburua. Hori da gure helburua. Hori bakarrik, eta hori guztia.