Etxebeltzeko hitzarmenak indarrean segitzen duela esan die Udalak eremu horretako sustatzaileei

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 29a, 10:10
Etxebeltz-Izarra eremuan eraikitzen ari diren babes ofizialeko etxebizitzen lanak.

Lur jabeek aurretik hartutako konpromiso batzuk bertan behera uzteko idatzi bat sinatu dute

Etxebeltzeko lur jabeei hitzarmenean hartutako konpromisoak betetzeko eskatu die Udalak

Etxebeltz-Izarrako hiritartze eremuaren inguruan adierazpen instituzionala egitea erabaki dute Udaleko alderdi guztiek. Erabakia, joan den ostegunean egindako ezohiko udalbatzarrean hartu zuten, aho batez. Etxebeltz-Izarrako eremuko egitasmoaren inguruan Udalaren eta eremu horretako sustatzaileen artean egindako hitzarmenak indarrean jarraitzen duela dio Udalak adierazpenean.

Joan den hilaren 10ean, Etxebeltz-Izarrako sustatzaileek bidalitako idatzi bat jaso zuen Udalak. Bertan, sustatzaileek diotenez, 2006an Azpeitiko Udalak eta Etxebeltz Izarrako lur jabeek sinatutako hitzarmena baliorik gabe gelditzen da, eta hitzarmen horretan hartutako hainbat konpromiso bertan behera uzteko nahia azaltzen dute. "Horien artean obrak geldituko dituztela, babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioak atzera bota nahi dituztela eta Udalari kalte ordainak eskatuko dizkiotela aipatu dizkigute", azaldu du Udalak sustatzailearen idatziak dioenaz.

Udalak egindako adierazpen publikoan dioenez, aldiz, "2006an Udalak eta Etxebeltz-Izarrako eremuko lur jabeek sinatutako hitzarmenak indarrean jarraitzen du, eremu horretako baimen eta lizentzia guztiak indarrean mantentzen direlako". Lur jabeekin egindako hitzarmenean Udalak hainbat konpromiso hartu zuen; konpromiso horiek bete dituela eta beteko dituela nabarmendu du Udalak: "Hain zuzen ere, babes ofizialeko etxebizitzen zozketak egingo ditu, eta kontratazioak kudeatuko ditu".

Konpromisoak betetzeko

Era berean, hitzarmena indarrean denez, lur jabeei "beraien konpromisoak betetzeko" eskatu die Udalak: "Hain zuzen ere, babes ofizialeko etxebizitzen kontratazioak lehenbailehen sinatzea hitzarmenean adostutako baldintzetan (epeak eta prezioak) eta bertako etxebizitzen eraikuntza obrekin bukatzea".

Etxebeltz-Izarra eremuan etxebizitza pribatuez gainera babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko dituzte; dagoeneko lanak hasita daude. Guztira, babes ofizialeko 208 etxebizitza egingo dituzte. Horietatik 154 etxebizitza zozkatuta ditu Udalak eta gainontzeko 54ak zozkatu gabe daude.

Baina, Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak besteak beste Etxebeltz-Izarrako gune horri dagokion Zatikako Plana baliogabetu egin zuen, finantza eta ekonomia txostenaren faltan. Kontuak horrela, eta auziari irtenbidea eman nahian, Udalak Herriko Antolamenduaren Plan Orokorra berriro egitea onartu zuen, uztailaren bukaeran egindako udalbatzarrean.

Bestalde, orain bi aste, hautetsi independentistek salatu zuten Etxebeltz-Izarra eremuko eraikuntza enpresen estrategiaren helburua "babestutako etxebitzen prezioa igotzea" dela.