Gorka Malo: "Jendearen animo oihuak ezin ditugu entzun eta pentsatzen dut asko lagunduko dutela"

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 26a, 12:10
Europako Kros Txapelketarako sailkatzea da Gorka Maloren hurrengo helburua / NEREA URANGA

Joan den hilean, Taipein jokatu zen Gorren Olinpiar Jokoetako maratoian, Gorka Malok bederatzigarren egin zuen

Nazioartean korritu duen lehen maratoia izan zen Tapeikoa

Gorka Malo (Azpeitia, 1984) orain lau urte hasi zen atletismoan. Orain Xeye Atletismo Taldean dabil, eta Pedro Muñoz du entrenatzailea, "berak egiten dizkit entrenamendu programak, eta asko eskertzen diot". Irailean, Taipein (Taiwan) Gorren Olinpiar Jokoetako maratoian hartu zuen parte.

Erraza al da Olimpiar Jokoetarako sailkatzea?

Asko entrenatu behar da, eta denbora onak egitea ezinbestekoa da. Otsailean Sevillako maratoia egin nuen eta maiatzean Gasteizkoa.

Olinpiar Jokoetara joateko laguntzarik jaso al duzu?

Lanetik jai hartu nuen hara joateko, eta bidaia eta hango egonaldia Espainiako Gorren Kirolerako Federazioak ordaindu dizkigu.

Olinpiar Jokoetako maratoian parte hartu duzu, zer moduz?

Nazioartean korritu dudan nire lehen maratoia izan zen, eta bederatzigarren postuan bukatu nuen. Beste parte-hartzaileen denborak jakinda, neure buruarentzat nuen asmoa lehenbiziko hamabost postuetan bukatzea zen.

Lehiaketaz kanpo zer moduzko esperientzia izan da Taipeikoa?

Geure artean giro oso ona izan dugu. Olinpiar Jokoetako parte-hartzaileoi laguntzeko boluntario asko zeuden; hizkuntzarekin eta batetik bestera ibiltzen asko lagundu digute; profesionalen pareko tratua jaso dugu han. Beste nazio batzuetako jendea ezagutzeko aukera ere izan dut. Bidaia, ordea, oso luzea eta gogorra egin zitzaidan, urduritasunagatik bidaian lorik ere ezin nuen hartu. Olinpiar Jokoetako gure taldea bost kiroletako (saskibaloia, futbola, igeriketa, tenisa eta atletismoa) 35 kirolarik osatzen genuen. Gure taldetik domina lortu duena tenis jokalari kanariar bat izan da.

Krosean ere ibiltzen zara eta baita lasterketa herrikoietan ere, zer alde dago gorrentzako bakarrik diren lasterketen eta gainontzekoen artean?

Entzumena orekarekin lotuta dago, eta horrek arazoak sortzen dizkigu. Gorrak garenok bakarrik lehiatzen dugunetan, denok baldintza berdinetan ari gara; baina ondo entzuten dutenekin lehiatzen dugunean desanbantailan gaude. Atletismoko lasterketetan irteeran abisua emango digun argi baten falta somatzen dugu, batik bat abiadurako lasterketetan. Bestetik, lasterka goazenean ezin diegu entrenatzailearen edota epailearen adierazpenei kasu egin. Jendearen animo oihuak ere ez ditugu entzuten; pentsatzen dut asko lagunduko dutela, baina horrela behar duela onartu beharra daukagu. Lasterketa batean, epaileek irteera faltsua eman zuten, baina lehiatzen ari zen gorra horretaz jabetzerako ibilbidea erdia egina zuen. Epaileak atzetik joan zitzaizkion abisatu nahian, eta halako batean harrapatu zuten. Berriro korrika irten aurretik bost minutu behar izan zituen bere onera itzultzeko.

Azpeitia eta Azkoitia bitartean entrenatzen duzu, hor oztoporik aurkitzen al duzu?

Askotan ilundutakoan entrenatzen dut, eta Munategi aldean argi gehiago izatea eskertuko nuke. Gero, beste batekin entrenatzeko ere zailtasunak ditut, ezin baitut harekin hitz egin. Bestearen ezpainak irakurri behar izaten ditut zer esaten duen ulertzeko, baina lasterka ari den bitartean aurpegia ere mugitu egiten zaio eta ezin izaten dut ulertu zer esaten didan.

Aurrera begira proiektu berririk ba al daukazu?

Errumanian izango den Europako Kros Txapelketan parte hartu nahi dut. Orain, Europako Txapelketara sailkatzeko entrenatzen ari naiz.