Urrestillan hasiko da bihar aurtengo Udazkenean Abesbatzak

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko urr. 23a, 19:10
Jaime Amenabar Julian Barrenetxea abesbatzakoa, Ana Mendizabal Kultura zinegotzia eta Olatz Agirre Julian Barrenetxeakoa, gaur, Esklabetan./JULENE FRANZESENA

Urrestillako Parrokiko koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak egingo dute lehen emanaldia, elizan, 19:30ean hasita

Azaroaren 1a bitartean lau ekitaldi antolatu dituzte, "denak desberdinak, jaialdi plurala izateko"

Urrestillako Parrokiko koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak emango duten kontzertuarekin hasiko da bihar aurtengo Udazkenean Abesbatzak. Urrestillako elizan izango da, 19:30ean hasita. Ordu horretan meza hasiko da, eta meza ondorenean ere jarraituko du bi koruen emanaldiak. "Euskal autoreei emango zaie garrantzia" Urrestillako ekitaldian, Barrenetxea abesbatzako zuzendari Jaimen Amenabarrek nabarmendu duenez. Bi taldeek biharkoari begira "ahalegin eta ilusio guztia" jarri dutela gaineratu du.

Gaur aurkeztu dute komunikabideen aurrean Udazkenean Abesbatzak-en 2009ko edizioa. Udaleko Kultura Sailak eta Julian Barrenetxea abesbatzak elkarlanean antolatu dute. Lau ekitaldik osatuko dute abesbatzen jaialdia, "denak desberdinak dira, plurala izateko", azaldu du Amenabarrek.

Jaialdiak baditu aurten berrikuntzak, Ana Mendizabal Kultura zinegotziaren esanetan: "Lau ekitaldietatik bi Esklabetako elizan dira; biak igande arratsaldetan. Herritar askok Loiolara pasieran joateko ohitura du, bi asteburutan pasadizoan kontzertu polit bat entzuteko aukera izango dute horrela". Esklabetan etzi, igandea, Letoniako haurren abesbatza batek abestuko du. Amenabarren esanetan, "Tolosako lehiaketan abestuko duen eta neska gaztetxoz osatutako abesbatza da. Gainera, bi-hiru kantu euskaraz abestuko dituzte". Hurrengo asteburuan, berriz, Orioko Egunsenti abesbatzak kalerik kale jardungo du kantuan, kantu herrikoiak abestuz.

Egitaraua

  • Urriak 24, bihar. 19:30ean, Urrestillako elizan. Urrestillako Parrokiko korua eta Barrenetxea abesbatza.
  • Urriak 25, etzi. 18:00etan, Esklabetako elizan. Letoniako Riga Dom Cathedral GirlÂ’s Choir.
  • Urriak 31, larunbata. 19:00etan, kalean. Orioko Egunsenti abesbatza.
  • Azaroak 1, igandea. 18:00etan, Esklabetako elizan. Bilboko San Anton abesbatza.