Odol Emaileen Elkarteak Loiolan egingo du urteko Batzar Nagusia

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 23a, 11:10

Urola Kostako Odol Emaileen Elkarteak 110 herritar omenduko ditu igandean, Loiolan egingo duen urteroko topagunean

Bihar 40 urte beteko dira Azpeitiko lagun talde batek Odol Emaileen Elkartea sortu eta lehen aldiz odola bildu zutenetik

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eskualdeko 110 herritar omenduko ditu datorren igandean, urriaren 25ean, Urola Kostako Odol Emaileen Elkarteak Loiolan egingo duen Batzar Nagusiaren harira. Aizarnazabalgo, Arroako, Azpeitiko, Azkoitiko, Getariako, Itziarko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako odol emaileei banatuko dizkiete oroigarriak, festa giroko topagunean. Urtero moduan, Odol Emaileen Elkarteak 25, 40 edo 50,eta 75 odol emanaldi egin dituzten Urola Kostako bizilagunak omenduko ditu.

Festaren egitaraua

Igandean, 11:45ean elkartuko dira odol emaileak Loiolan. Eguerdian meza izango dute Basilikan eta, ondoren, oroigarri eta diploma banaketa ekitaldia egingo dute Gogartetxean. 14:30ean lagunarteko bazkaria Kirurin egingo dute eta bazkalondoan musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera izango dute.

Azpeitikoen ospakizuna

Azpeitiko Odol Emaileen Elkartea sortu zela 40 urte bete dira aurten. Bergarako eta Donostiako adibideak jarraituz, 1969ko urrian egin zuten aurreneko odol bilketa. “Orduan, odolaren lagin bat besterik ez zen jasotzen, aztertzeko; aztertu ondoren, odol emailearekin harremanetan jarri eta odola ateratzen genion”, dio elkarteko sortzaileetako bat den Pedro Bereziartuak. Lehendabiziko saio hartan 11 lagunek eman zuten odola. Elkarteko boluntarioen lanari esker, odola ematearen garrantziaren kontzientziak lekua irabazi du gizartean. Urtean urtean, gero eta odol emaile gehiago dago Azpeitian eta, berrogei urte geroago, batez beste 86 lagun elkartzen da hilero anbulatorioan odola emateko. Modu berezian ospatu nahi dute urtemuga, igandeko batzarra aprobetxatuz. “Urte hauetan lagundu gaituzten guztiei, erakunde, enpresa nahiz norbanakoei, omenalditxo bat egingo diegu”, adierazi dute Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariek. “Jendeak uste du odola botikan saltzen dela, aspirina bezala, eta inoiz ez duela kale egingo"

PEDRO BEREZIARTUA- Azpeitiko Odol Emaileen Elkartearen sortzailea

Osasun arazoak direla-eta, Pedro Bereziartuak (Azpeitia, 1934) ezin izan du odolik eman; hala ere, 40 urte egin ditu Azpeitiko Odol Emaileen Elkartean boluntario lanak egiten, eta egun Gipuzkoako elkartearen bokala ere bada.

Nolakoak izan ziren elkartearen hastapenak?

Imanol Azkuek animatuta lagun talde bat elkartu ginen eta aurreneko urratsa Bergaran eman genuen, martxan zegoen elkartearekin harremanetan jarrita eta haien jardunaz ikasita. Donostiko elkarteko kide batek hitzaldi bat eman zuen herrian, eta orduan hasi ginen lanean. Lokal bat behar genuen eta orduan aukera handirik ez, eta Sierbetako komentua utzi ziguten. 1969ko abenduaren 5ean egin genuen aurreneko ateraldia.

Ordutik hona gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Iaz, esaterako, 1.121 pote bete genituen, eta kopurua antzekoa izan da azken urteetan. Aurten ere ateraldi onak egingo ditugula espero dugu; orain baino jende gehiago ez dugu inoiz izan.

Adinaren eta sexuaren araberako bereizketarik ba al da? 18 urtetik gora eman daiteke odola, baina 18-30 urte bitarteko jende gutxiago etortzen da. Hortik aurrerakoak izaten dira gehienak, 67-68 urte bitartera arte. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bereizketarik, berriz, ez dago.

Gizartea jabetzen al da odola ematearen garrantziaz? Jendeak uste du odola botikan saltzen dela, aspirina bezala, eta inoiz ez duela kale egingo, baina odola pertsonak eman behar du.

Zuen elkartetik zenbat lagunek jasoko dute aurten domina? Azpeitian odola 25 aldiz eman duten 15 lagun omenduko ditugu; 40 aldiz eman duten 3 emakumek jasoko dute intsignia, eta 50eko beste bost lagunek jasoko dute saria.