Koldo Tellitu: "Ikastolen mugimenduak ahots bakarra izango du"

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 22a, 11:10

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria da duela hiru urtetik, eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibako presidentea ere bada

Kooperatibak eragingo dituen aldaketez ariko da gaur 21:00etan Ikasberriko aretoan gurasoentzat egingo duten batzar irekian

Koldo Tellitu (Barakaldo, 1966) Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria da duela hiru urtetik, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibako lehendakaria ere bada, eta gaur, 21:00etatik aurrera, sortu berri duten Euskal Herriko Ikastolen Kooperatibari buruzko azalpenak eta antolakuntzan zein kudeaketa lanean egin dituzten aldaketei buruzko argibideak emango dizkie Ikasberri Azpeitiko Ikastolan bertako gurasoei eta irakasleei. Ikasberrik azaroan erabakiko du kooperatiba horretako bazkide egin ala ez.

Zer da, hitz gutxitan, Euskal Herriko Ikastolen Kooperatiba?

Euskal Herriko erakunde bat izango da, non ikastola guztiak zuzenean bazkidetuta egongo diren. Guretzat aurrerapauso bat izan da, bi ikuspegitatik: alde batetik, eraginkortasunaren ikuspegitik. Izan ere, azken finean, gaur egun federazio desberdinetan banatuta ditugun zerbitzu guztiak bateratzea lortuko dugu Euskal Herri osoarentzako izango den erakunde bakar batean. Bestetik, kanpora zein barrura begira, antolakuntza erraztuko dugu eta kanpoko erakundeetara edota herri eragileei begira, ikastolen mugimenduak ahots bakarra izatea lortuko dugu.

Bazkidetzen diren ikastolei aldaketak eragingo al dizkie funtzionamenduan?

Bai. Esan bezala, erakunde eraginkorrago bat izango da kooperatiba, eta lehen erakunde desberdinetan errepikatzen ziren zerbitzuak bateratuz eta zentralizatuz, erraztu egingo diegu funtzionamendua ikastolei.

Ikastolek kezkak agertu al dituzte aldaketa honen aurrean?

Bai, logikoki. Guri gertatzen zaigun moduan, kezkak sortzen dira aldaketa sakon baten aurrean, eta hau, bistan da, oso aldaketa sakona dela; uste dut historian izan dugun aldaketarik handiena dela. Nafarroan, bereziki, nahiz eta, azken boladan, gauzak hobetu diren, denbora gehiago eskatzen du aldaketa eta kezka horiek lantzeak. Ikastolei esaten ari garena da aldaketa hau onerako dela eta, azken finean, denok egon behar dugula erakunde berean. Leku batzuetan askoz ere errazago ulertu dute beste leku batzuetan baino. Batez ere Nafarroan, gehiago kostatzen ari da aldaketa hau barneratzea.

Nafarroako Gobernuarekin harremanak zailago direlako, agian?

Barne-kontuak dira gehienbat. Eragina du, noski, Nafarroako Gobernuarekin harremanak egiten diren edo egin behar diren moduak. Erritmoak ere desberdinak dira lurralde bakoitzean zenbait arlotan, curriculum arloan adibidez.

Lurraldetasunak, gure herrian, honelako egoeretara eramaten gaitu sarri. Esan behar da, aldiz, Ipar Euskal Herriko ikastolek eta Sehaskak oso azkar eta ondo barneratu dutela aldaketa, eta konbentzimendu osoz daudela erakundean. Nafarroan, egoerari buelta emateko lanean ari gara; joan den igandean ere horretan egon ginen Nafarroa Oinezen, eta espero dugu laster batean, ikastola guztiak bazkidetuta egotea.

Aldaketa honen aurrean, zein erantzun ari zarete jasotzen eskualdeko ikastolen partetik?

Printzipioz, ona. Nire ustez Urolako ikastolek beti konpromiso izugarria izan dute ikastolen mugimenduarekin, eta ez dut uste inolako arazorik egongo denik. Lana egin behar da eta gauzak ondo azaldu behar dira, azken finean, ikastola bakoitzarentzat pauso sakona baita kooperatiban bazkidetu ala ez erabakitzea.