Akuiluk Baserritar Gazteen Martxa hasiko du etzi, Azpeitiko plazatik

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 21a, 10:10
Amaia Odriozola, Akuiluko kidea.

Baserritar gazteen elkarteak antolatutako martxak "Baserria da etorkizuna" izango du leloa

Martxa ostiraletik igandera arte egingo dute herriz herri

Etzi Baserritar Gazteen Martxa hasiko da Azpeitiko plazatik, Akuilu Baserritar Gazteen Elkarteak antolatuta. Ostiralean hasi eta igandera bitartean egingo dute martxa herriz herri: Azpeitian hasi, eta Azkoititik, Elgoibartik, Eibartik eta Ermuatik pasatu ondoren, Durangon bukatuko dute. Baserria da etorkizuna lelo hartuta antolatu dute martxa. Amaia Odriozola azpeitiarra eta Akuilu elkarteko kideak azaldu du Baserritar Gazteen Martxa Azpeitian hastearen arrazoia: “Akuilu taldean ibiltzen garen batzuk hemen ingurukoak gara, eta askotan bilerak Azpeitian egiten ditugu. Horregatik erabaki genuen aurtengo martxa Azpeitian hastea”. Baserritar Gazteen Martxaren helburua, leloak esan bezala, gazteek baserria dela etorkizuna ozenki esatea da, “herriak aurrera egiteko ezinbestekotzat jotzen baitugu nekazaritza bizia izatea, kontsumitzaileekin harreman zuzena jorratzea, eta kanpokoek baino gutxiago ekoitzi arren lurrari lotutako nekazaritza landuko duten baserritar ugari izatea”.

Irtenbidea, salmenta zuzena Baserritarrak gaur egungo gizartera moldatutako alternatibak bilatu behar ditu Odriozolaren esanetan: “Irtenbideetako bat salmenta zuzena da, horrek gertutasuna eta konfiantza bermatzen baititu”. Horren harira, Azkoitian, Beizaman eta Zestoan martxan dauden kontsumo kooperatibak ekarri ditu gogora. Hain zuzen ere, martxaren baitan, ostiralerako, gai horretaz solasaldia antolatu dute Azkoitiko Matadeixen. Baserritarrek elkarren berri jakitea garrantzitsua da Odriozolak dioenez: “Lehen baserrietan nahiko indibidualki egiten zen lana, baina elkarren berri jakitea ondo dago. Horregatik, elkarrekin bildu eta elkarren berri izaten dugu Akuiluren bidez. Antolatzen ditugun auzolanek ere horretarako balio izaten dute, elkarri laguntzeko”. Baserritar Gazteen Martxaren helburuetako bat ere horixe da Akuiluren esanetan, “elkar ezagutu, iritziak elkar trukatu, eztabaidatu eta lanean jarrai dezagun”.

“Akuilu elkartean, batik bat, Gipuzkoako eta Bizkaiko baserritarrak biltzen gara gaur egun. Ipar Euskal Herrikoekin harremanak baditugu, eta Arabako eta Nafarroako baserritar gazteak elkartera ekartzea da gure helburuetako bat”, dio Odriozolak. Elkarteak urtean zehar auzolanak antolatzen ditu: “Baserritarren batek lankarga badu hari laguntzeko antolatu ohi dugu”. Horrez gainera, urtaroro Oilaloka aldizkaria ere ateratzen du Akuiluk.

Elkartearekin harremanetan jarri nahi dutenek posta elektronikoz egin dezakete baserritargazteak@ gmail.com helbidera zuzenduta. Izan ere, “Akuilu ez dago bakar bakarrik baserritarrei zuzenduta, baserria eta horri lotutako gaiekin interesa dutenek ere ateak zabalik dituzte”, diote.

BASERRITAR GAZTEEN MARTXA

Urriak 23, ostirala. - 10:00etan, Azpeitian hasiko da. Hamarretakoa eta harrera egingo dituzte, herriko plazan. - 11:00etan, kalejiran Azkoitira abiatuko dira. - 12:30ean, kontsumo kooperatibetaz solasaldia, Azkoitiko Matadeixen. - 14:00etan, bazkaria Matadeixen. - Ondoren, martxa Elgoibarrera abiatuko da. Hango Kultur Etxean mahai-ingurua egingo dute, 19:30ean. Gaia: Baserritar gazteen esperientzien elkartrukea.

Urriak 24, larunbata. 12:00etan, Eibarren, manifestazioa. Untzaga plazatik irtengo du, Baserria da etorkizuna lelo hartuta.

Urriak 25, igandea. Durangon, 10:00etan, baserritar gazteen azoka. 14:00etan, bazkari herrikoia, Andra Mariko arkupetan