Bielek ardogintzarako makinak egiten dituen Marzola enpresa erosi du

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 19a, 13:10

Marzola Errioxako enpresarik zaharrenetakoa da,eta prentsa hidraulikoak egiten ditu

Ardogintzarako makineriaren sektorean bere lekua sendotzea da enpresaren oinarrizko helburua

Biele enpresak Errioxako (Espainia) Marzola enpresa erosi du. Uda aurretik zabaldutako informazioa baieztatuz, joan den astean eman zuen Azpeitiko enpresak erosketaren berri, informazio agentzietara bidalitako idatzi baten bidez.

Marzola enpresak (Marrodan y Rezola SA) prentsa hidraulikoak ekoizten ditu, eta ardogintzarako makinerian erreferentzia izatea lortu du. Bielek aurrera begira duen asmoa, prentsa hidraulikoen eta ardogintzarako makineriaren merkatuaren baitan Marzola enpresak indarra hartzea eta sendotzea da.

Erosi berri duen enpresarako egiten ari diren Plan Estrategikoan "enpresaren berrikuntza, bezeroari arreta eta negoziorako arlo berriak bilatzea" jarri ditu Bielek eman beharreko oinarrizko pausoen artean.

Marzola enpresak urteetako ibilbidea du, Errioxako enpresarik zaharrenetakoa da bera; 1851. urtean sortu zuten, hain zuzen ere. Enpresa errioxarraren webgunean azaltzen denez, gaur egun ehun langiletik gora ditu eta bost kontinentetan ditu bezeroak. Urte askoan Espainiako ardogintzako makineriaren merkatuan aurreneko postuetan ibilitakoa da Marzola.

Erosketaren berri emanez ateratako idatzian Bielek azaldu duenez, erosi berri duen enpresako lanpostuak eta jarduna mantendu egingo ditu. Hori bakarrik ez, “Marzola indartu, sendotu eta bere sektorean aurreneko postuan jartzera iritsi” nahi du. Gainera, Marzola bere produktuak merkaturatzeko sektore berri batzuetan sartzea aztertzen ari da, batik bat elikagaien sektorean. Hala ere, azpimarratu dutenez, ardogintzarako makinariaren sektorean bere lekua sendotzea da enpresaren oinarrizko helburua.

Biele enpresak Gipuzkoako Pymea saria jaso zuen 2004an. Bere ibilbidearengatik saritu zuten.