Hogeita bat sari azpeitiarrentzat Euskadiko XIV. Blonda Txapelketan

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko urr. 15a, 19:10
Ezkerrean,

Eizmendi ganadutegikoek hamalau eskuratu zituzten, eta zazpi Agitekoek

Txapelketara aurkeztu zituzten 155 abelburuetatik ia erdiak Urola Kosta eskualdeko ganadutegietakoak izan ziren

Joan den larunbatean (urriak 10) Euskadiko XIV. Blonda Txapelketa eta Enkantea izan ziren Markina-Xemeinen (Bizkaia), Euskadiko Blonda Federazioak antolatuta. Ganadu txapelketan Bizkaiako eta Gipuzkoako hamar ganadutegik hartu zuten parte. Gipuzkoatik sei joan ziren, horietatik bat ez beste guztiak Urola Kosta eskualdekoak, eta hiru Azpeitikoak: Antonio Olaizola Agite ganadutegikoa, Jose Miguel Esnaola Eizmendi ganadutegikoa eta Imanol Lazkano Gaztelu ganadutegikoa. Eta astebete lehenago Gipuzkoako XL. Abelgorri Lehiaketan bezala, Markina-Xemeinen ere sari uzta ederra bildu zuten Azpeitikoek.

Blonda arrazako 115 buru aurkeztu zituzten ganadu txapelketara. Horietatik ia erdiak Urola Kosta eskualdeko ganadutegietaak izan ziren, 55 hain zuzen ere.

Txapelketako sariak hamazazpi sailetan bereiztuta banatu zituzten. Baina, sail batean ganadu bururik aurkeztu ez zelako ez zuten saririk eman, Lau eta bost urte arteko behiak txahalarekin sailean hain zuzen ere.

Eskualdekoen artean Euskadiko Txapelketako sari gehien Azpeitiko Eizmendi ganadutegiko Jose Miguel Esnaolak jaso zituen. Hain zuzen, Eizmendi-koak sei aurreneko sari, hiru bigarren eta bi hirugarren sari eskuratu zituen. Gainera, txapelketako behirik onenaren eta ernalkuntza artifizialaren sariak jaso zituen Vivien izeneko bost eta zazpi urte arteko behiarekin. Horiez gainera, ukuilurik onenaren saria ere jaso zuen. Esnaolak hamazazpi buru aurkeztu zituen txapelketara.

Agite-k ere hainbat sari jaso zuen: bi aurrenengo sari, bigarrengo bat eta hiru hirugarrengo. Horiez gainera, txapelketako idi onenaren saria ere jaso zuen Ven 42 hilabetetik gorako idiskoarekin.

Euskadiko Blonda Txapelketa bi urtean behin Azpeitian egin ohi da, San Inazio jaietako Baserritarren Egunaren baitan.