Etxebeltz-Izarrako eraikuntza enpresek hautsi egin nahi dute udal hitzarmena

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 13a, 11:10

Hautetsi independentisten iritziz estrategia horren helburua "etxebizitza babestuen prezioak igotzea da"

Udalak egin beharko lukeena ere azaldu dute: "etxe horien kontratuak egin, egiteke dagoen zozketa berehala egiteko"

Azpeitiko Udaleko hautetsi independentistek Etxebeltz-Izarra eremuan gertatzen ari denaren berri eman diete herritarrei; orain gutxi, Azpeitia Lantzenek deituta, babes ofizialeko etxebizitzen zozketan etxea egokitu zitzaienei ere azaldu diete egoera. Izan ere, joan de irailean, Etxebeltz-Izarra eremuko eraikuntza enpresek (Amenabar, Altuna y Uria eta Urbialde) idatzi bat bidali zuten Udalera, 2006tik duten hitzarmena bertan behera uzten dutela iragarriz. Hitzarmen horretan jasotzen dira eremu horretako babes ofizialeko etxebizitzen baldintzak, baita etxe horien prezioak eta eraikitzeko epeak ere.

Hautetsien esanetan, idatzi horren bitartez hitzarmena bertan behera uzteaz gain, "obrak gelditu dituztela adierazi digute, babestutako etxeen prezio berriak nahi dituztela eta Udalari kalte-ordainak eskatuko dizkiotela". Hautetsiek zehaztu dutenez, "eremuan dagoen arazo judiziala aipatzen dute enpresek erabaki hau justifikatzeko, Leku-eder enpresak sartutako auzi eskaera, alegia".

Erabakiaren arrazoia

Gaur egun indarrean daude eremu horretako lizentzia guztiak, eta Udalean, arazo juridikoa konpontzeko erabakiak hartzen ari direla adierazi dute hautetsi independentistek. Etxebizitza libreen lanek, gainera, martxan jarraitzen dute eta horietako batzuk urte amaierarako eraikitzea aurreikusten dute, kontratuak lehendik eginak daudelako eta aurtengo abenduan bukatzen zaielako etxeak amaitzeko epea. Hautetsi independentistek galdera bat jarri dute mahai gainean: "Etxe libreen kontratuekin aurrera egin behar dute eta babestutako etxeen kontratuekin ez?". Izan ere, euren ustez, "arazo judiziala egotekotan, eremu osoan egongo litzateke, baina, badirudi arazoa etxebizitza babestuetan bakarrik dagoela".

Euren ustez, estrategia horren arrazoia "oso sinplea" da: "Azken bi urtetan eskatu izan diguten eskakizun bat lortu nahi dute, hain zuzen, babes ofizialeko etxeen prezioak igotzea. Hau lortzeko 2006an Udalarekin adostutako hitzarmena aldatu beharra dago. Hitzarmen horretan babestutako etxeen prezioak zehaztu ziren; alegia, lizentziak emango ziren garaiko prezioak izango zituztela adostu zen. Udalak aspaldidanik emanak ditu lizentziak eta obrak atzeratzen ari badira eraikuntza enpresek hala erabaki dutelako da, ez Udalarengatik. Udalak inoiz ez die lizentziarik kendu eta lizentziak indarrean jarraitzen dute". Hautetsien iritzia harago doa: "Hitzarmena puskatu eta prezioak gaurkotzen badira, memento honetan dauden prezioen arabera, etxe bakoitzeko 12 mila euro (batzuk 13 mila euro) baino gehiago igoko dira salneurriak. Hau dena 208 etxerekin biderkatzen badugu atera kontuak, lehengo pezetetako 420 miloi inguru gehiago aterako lituzkete etxe berdinak salduta".

Krisiaren eraginez etxebizitza salmentaren merkatua asko geldotuta dago, etxe libreen kasuan bereziki. Hori kontuan hartuta, hautetsien iritziz, "babestutako etxeak egiteko ere presarik ez dute. Nahiago dute memento hobearen zain egon eta orduan izango diren prezioekin saltzea babestutako etxeak. Horra hitzarmena puskatzeko nahiaren arrazoia".

Argi dute arazoarekiko jarrera

Ezker abertzaleak argi dauka egoeraren aurrean izango duen jarrera: "Hitzarmena indarrean dago lizentziak indarrean dauden bitartean, eta ez dugu onartuko babestutako etxeen prezioak igotzea". Udalak egin beharko lukeena ere azaldu dute: "Etxe horien kontratuak egin behar dira, prezioen %20 jarriz, hau da, lanekin jarraitzeko finantziazioa emanez; eta egiteke dagoen zozketa berehala egitea". Eraikuntza enpresek hitzarmena hautsiz gero, Udalean "horren inguruko neurriak hartu beharko direla" adierazi dute. Bestalde, ezker abertzaleak Udalean eta Azpeitia Lantzenetik "egoera konpontzeko eta adostutako baldintzak betetzeko" euren esku dagoen "guztia" egingo dutela adierazi dute.