Merkatariak gustura Stock Azokarekin

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 30a, 11:09
Outlet Azokan jende asko ibili da eta gustura daude dendariak.

Bertan Merkatari Elkarteko dendariek asteburuan jarritako azokan jende asko ibili da

II. Marrazki Lehiaketa Itxaso Bidezabalek eta Xanti Agirrezabalak irabazi dute

Asteburuan Erdi Aroko Azokarekin batera Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko 26 dendarik Stock Azoka egin dute, azoka plazan. Stock Azokan parte hartu duten dendariak "gustura" gelditu dira izandako emaitzarekin.

"Stock Azokan postua jarri dutenak emaitzarekin gustura daude, baina oraindik geure artean azokaren inguruan hitz egiteko bilera bat egitekotan gara. Hala ere, azokan asko saldu da, eta herriko dendarioi biltegiak husteko balio digu", dio Oinkari dendako eta Bertan Merkatari Elkarteko kide Maider Zinkunegik .

Larunbatean eta igandean egon zen Outlet Azoka irekita, goiz eta arratsaldez. Jende asko ibili zen bertan. Jende gehiena larunbatean ibili zen, "baina igandean ere izan zen mugimendua", diote Bertanekoek. Herriko tabernariak ere gustura gelditu direla diote Bertanekoek, "asteburuan herriko kaleetan jende asko ibili da, une batzuetan festak zirela ematen zuen. Azpeitian, hainbeste jende ez da ibiltzen edozein asteburutan".

Gero eta dendari gehiago

Aurten 26 dendarik jarri dute postua azoka plazan; iaz baino lau gehiagok. Azoka plazako lehen solairua bete-bete eginda zegoen eta urtetik urtera dendari gehiago animatzen da Stock Azokan postua jartzera. Baina, Bertanekoek mementoz ez dute eztabaidatu tokia betez gero zer egin, hala dio Zinkunegik. "Oraindik denda gehiago sartzeko tokia badago behean, bakoitzak hartzen duen tokia ez delako berdina. Denda gehiago animatzen bada hurrengo urteetan erabaki egin beharko dugu zer egin, azoka plazan goi eta behean ipini postuak... Baina horretaz oraindik ez dugu eztabaidatu geure artean. Garbi dagoena da, azoka plaza toki oso ona dela Stock Azoka jartzeko herriaren erdigunean dagoelako".

Marrazki lehiaketan, 50 parte-hartzaile

Asteburuko Erdi Aroko Azokaren baitan II. Marrazki Lehiaketa antolatu zuen Arte eta Diseinu Ikastegiak. Igandean egin zuten. Bertan, 69 haurrek eman zuten izena, eta marrazkia 50 parte-hartzailek aurkeztu zuten lehiaketara. Marrazki lehiaketa indarra hartzen ari da, aurten iazkoarekin alderatuta partaidetza ia bikoiztu egin da. Iaz, 36 lagunek aurkeztu zuten marrazkia lehiaketara.

Iaz bezalaxe, aurten ere, Marrazki Lehiaketako gaia Herriko eraikin historikoak izan da.

Adinaren arabera bi maila bereiztu dituzte lehiaketan. Maila bakoitzean hiruna sari banatu dituzte marrazki lehiaketaren Arte eta Diseinu Ikastegikoek. Sariak, marrazkiak egiteko materiala izan dira. 6 eta 9 urte artekoen mailan, lehen saria Itxaso Bidezabalek irabazi du; bigarren saria, Maider Fernandezek; eta, hirugarrena Nahia Plazaolak. 10 eta 13 urte bitartekoen mailan, lehen saria Xanti Agirrezabalak irabazi du; bigarrena, Nekane Azpiazuk; eta, hirugarrena, Maitane Domingezek.