Baserritarrek erakustaldiak egingo dituzte ostiraletako azokan

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko ira. 29a, 11:09

Produktuen inguruko informazioa emango dute

Ostiral honetan hasiko dira; baba eta artoaren arratsaldea izango da

Azken albistea (urriak 1, 09:06): erakustaldia ez da baba eta artoarena izango, piper pikilloarena baizik.

Azpeitiko eta inguruetako baserritarrek ostiral arratsaldetan egiten duten azokan ekimen berria jarriko dute martxan. Irailean baserriko produktuekin osatutako otarrak zozkatu zituzten bezeroen artean, eta aste honetatik aurrera erakustaldiak egingo dituzte. Hala, ostiral honetan bertan baba eta artoaren arratsaldea izango da. Azokako baserritarrek bi produktu horien inguruko informazioa emango dute: landatzeko unea, jasotzeko modua eta prozesua azalduko dituzte, besteak beste. Horrez gain, prozesu horren erakustaldi bat ere egingo dute.

Urriaren 22an gazta eta menbrilloarekin gauza bera egingo dute, eta azaroaren 6an gaztainarekin. Erakustaldiak 18:00ak aldera hasiko dira, azoka plaza bertan.

Azken azokako prezioak

Joan den ostiralean, ostiral arratsalderoko Azpeitiko baserritarren azokan bertako produktuek izandako prezioak dira honako hauek. Gaur goizean, berriz, astearteroko azoka izango da Azpeitian.

Produktu berriak

Babarrun gorria: 14-15 euro kiloa

Beste produktuak

Tomatea: 1-3,5 euro kiloa

Letxuga: 0,40-0,60 euro

Ibarrako piperrak: 6 euro kiloa

Loiolako piperrak: 4 euro kiloa

Patata: 1 euro kiloa

Porrua: 1,20 euro sorta

Azalorea: 2-2,5 euro

Kalabaza: 2 euro kiloa

Kipula: 1,5-2 euro

Azelgak: 1-1,5 euro

Azenarioa: 1-1,5 euro

Berenjena: 0,50-0,70 euro

Kalabazina: 1 euro

Eskarola: 0,60 euro

**Azken albistea (urriak 1, 09:06): erakustaldia ez da baba eta artoarena izango, piper pikilloarena baizik. Piperrak nola prestatu erakustaldiak egingo dituzte parrilla eta guzti, eta potean nola sartu ere erakutsiko dute.