Gudari Egunaren harira deitutako manifestazioa, debekatuta

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 28a, 11:09
Gudarien senideei omenaldia egin zieten Nuarben, larunbatean.

Eloy Velasco epaileak guztira 24 ekitaldi debekatu ditu, "Ekin eta Segik antolatutakoak" direla argudiatuta

Manifestazioa aurretik egindako ekitaldiak normaltasunez egin zituzten

Gudari Egunaren harira larunbat arratsalderako Azpeitian deituta zegoen manifestazioa debekatu egin zuen Espainiako Audientzia Nazionalak.

Gudari Egunaren inguruan antolatutako 24 ekitaldi debekatu zituen , atzo, Espainiako AudientziaNazionaleko Eloy Velasco epaileak. Haien artean, larunbaterako antolatutako ekitaldi nazionala ere debekatu zuen, nahiz eta epaileak autoan ez zuen zehaztu ekitaldi hori non eta zein ordutan egingo zen.

Hainbat tokitan antolatutako ekitaldiak debekatzerakoan (tartean Azpeitikoa) "ekitaldi horiek guztiak Ekinek eta Segik antolatutakoak" zirela argudiatu zuen Velascok, bi erakundeak legez kanpo daudela gogora ekarriz.

Nuarbeko ekitaldia, normal

Manifestazioaren aurretik egiteko antolatuta zeuden ekimenak normaltasunez egin zituzten Azpeitian. Haizea eta sustraiak dokumentala eman zuten ostiralean Azpeitian, eta larunbat goizean, urteroko usadioari jarraituz, omenaldia egin zuen herritar talde batek, Nuarben. Kurro, Pelitxo eta Otaegi azpeitiarrak izan zituzten gogoan.

Bertso doinuekin abiatu zen ekitaldia. Ondoren, senideei loreak eskaini eta aurreskua dantzatu zieten, omenaldi gisa. Testu bat irakurri ondoren, hamaiketakoa egitera joan ziren bertan bildutakoak.

Gainera, Azpeitiko hainbat tokitan Kurroren, Pelitxoren eta Otaegiren oroimenez ikurrinak jarri zituzten eta sua piztuta izan zuten ontzietan.

Hain zuzen ere omentzeko su horiekin lotuta gertakariak izan ziren larunbatean. Izan ere, hainbat herritarrek adierazi zuenez, 16:00ak aldera, Astotegi aldetik 12 ertzain inguru agertu ziren burua estalita eta su-itzalgailuak eskuetan zituztela. Ontzietako sua itzaltzeaz gain, ikurrinak eta argazkiak ere kendu egin zituzten. Ertzainek inguruari argazkiak ere atera zizkioten.