Sexu Heziketa Planak beste hiru ikasturtetan jarraipena izango du

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 25a, 11:09

Aurreko ikasturtean jarri zuten aurrenekoz martxan, eta Udalak dioenez "arrakasta izan zuen"

Adin guztietako sexu aholkularitzako zerbitzua gaurtik (ostirala) jarriko dute martxan

Aurreko ikasturtean Udaleko Parekidetasun Sailak eta Emakumearen Mahaiak Sexu Heziketa Plana jarri zuten martxan, aurreneko aldiz. Edukitako "arrakasta eta harrera ona" ikusita, beste hiru ikasturtetan Planarekin jarraitzea erabaki dute Parediketasun Sailekoek. Harremanak hezkuntza el- karteak gidatzen du plana. "Beste hiru ikasturtetan planarekin segitzea erabaki du Udalak, aurreko ikasturtean egitasmoa osoak arrakasta izan zuelako", dio Edurne Aranbarri Azpeitiko Udaleko Parekidetasuneko teknikariak.

Sexu Heziketako Planaren baitan hainbat eta hainbat ekitaldi eta saio egin zen aurreko ikasturtean: herriko ikastetxe eta haurreskoletan sexu heziketako saioak eman zizkieten ikasle, guraso, irakasle eta hezitzaileei. Udaberrian emakumeei, gizonezkoei, adinekoei eta gazteei zuzendutako saio bereziak antolatu zituzten. Horrez gain, sexu heziketarekin lotutako hainbat kultur ekitaldi antolatu zuten. Eta, hileroko azken ostiraletako sexu aholkularitza zerbitzua ere jarri zuten martxan. "Ikastetxeetan oso gustura gelditu ziren sexu heziketako saioekin eta kasu batzuetan ordu gehiago ere eskatu zituzten", dio Aranbarrik.

Ikastaroak udaberrian

"Adinekoei, gazteei, emakumezkoei eta gizonezkoei zuzendutako ikastaroetan ere jende askok hartu zuen parte eta sexu heziketako saioak modu iraunkorrean egiteko eskatu zuten bukaeran". Ikasturte honetan ere udaberrian jarriko dituzte martxan horrelako ikastaroak, baina oraingo honetan bi mailatan banatuta emateko asmoa dute, hala dio Parekidetasuneko teknikariak: "Alde batetik, aurrekoan ikastaroetan ibilitakoei zuzenduta sakontzeko saioak emateko asmoa dugu, eta bestaldetik lehenengo aldiz etorriko direnentzako saioak antolatuko ditugu". Sexu heziketarekin lotutako kultur ekitaldiak ere aurrekoan bezalaxe udaberrian antolatuko dituzte.

Sexu aholkularitza gaurtik

Ikasturte honi dagokionez, adin guztietako sexu aholkularitzako zerbitzua gaurtik jarriko dute martxan. Ikasturtea bukatu bitartean hilero, azken ostiretan, 16:00etatik 20:00etara bitartean Gazte Informazio Bulegoan eskainiko dute (Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoko lokalean).

Sexu aholkularitza zerbitzua on-line jasotzeko aukera ere eskaintzen du Udaleko Parekidetasun Sailak www.azpeitia.net webgunearen bidez. Bertan, Azpeitiko sexologia zerbitzua jartzen duen irudian klikatu behar da.